Emakumeok gure gorputzaren jabe!

Trini Orbegozo ( Azpeitiko ezker abertzalearen izenean) 2009ko mar. 7a, 19:03

2009ko Martxoaren 8an beste behin ere emakumeak gure eskubideen aldeko aldarrikapenak egitera kalera aterako gara. Askotan entzun dugu egun honek New York-eko "Triangle Shirtwaist", emakumeek lan egiten zuten ohial fabrikan 1911an gertatutako sutean erahildako 146 emakumeen borrokan duela jatorria. Dena den zenbait historialari feministak egun honen izendapena borroka desberdinen ondorio bezela ulertzen dute, Errusiako iraultzan emakume langileek aurrera eramandako grebak, hainbat alderdi sozialistetako emakumeek bozka eskubidearen alde egindako borrokak etab. Egun hau emakumeen kontrako zapalkuntza estrukturala salatu eta emakumeen eskubideak aldarrikatzeko egun bihurtzeak beraz lotura zuzena dauka Estatu batuak eta Europako mugimendu sozialistekin.

Aurtengo martxoaren 8an Madriden PSOEk onartu nahi duen abortoaren lege berriaren eztabaidaren erdian aurkitzen gara. Lege berri honen bidez aurrerapausoak emango diren arren oraindik urruti gelditzen gara emakumeok geure gorputzaren gainean askatasunez erabakitzeko izan behar behar dugun eskubidea bermatzetik. Emakumeek ama izan edo haurdunaldia etetea erabakitzeko eskubidea izan behar dute beraien osasuna arriskuan jarri gabe eta horretarako dirutza bat ordaindu beharrik gabe.

Lege berri honen proiektua garatzeko sortu den lan taldetik kanpo utzi ditu PSOE-k talde feministak, beste behin ere herri mugimenduen partehartzea eragotziz eta emakumeen aldarrikapenei entzungor eginez.

Bestalde, emakumeen oinarrizko eskubide honen urraketaren aurrean PNV-k erakusten duen jarrera onartezina iruditzen zaigu, nahiz eta ez gaituen harritzen. Hauteskunde kanpainan zehar, eta martxoaren 8a edo azaroaren 25a hurbiltzen denean berdintasunaren aldeko mezuak kaleratzen dituzten arren momentua iristen denean ez dute inongo konpromiso politikorik hartzen emakumeen eskubideak bermatzeko. Eta hori da Madrideko diputatuen kongresuan abortoaren legea aldatzeko otsailean egindako bozketan bere abstentzioarekin erakutsi zuena.

Azpeitiko bilgune feministak hainbat ekimen antolatu ditu testuinguru honetan. Bat egiten dugu beraien irakurketarekin eta emakumeok geure gorputzaren gainean libreki erabakitzeko eskubidearen alde egingo dituzten mobilizazioekin. Emakumeok geure eskubideen alde borrokatzera deitzen ditugu eremu publiko zein pribatuan eta larunbatean arratsaldeko 7etan plazatik aterako den manisfestazioan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide