Martin Berrizbeitiak irabazi du Loiolako VIII. Biatloia

Uztarria.eus 2009ko mar. 9a, 12:03

Martin Berrizbeitia gaztea lehena izan zen Loiolako helmugan.

Azpeitia Loiolatxo Elkarteak antolatutako mendi bizikletako eta lasterketako proban 32 parte-hartzaile izan ziren

Xabat Manzisidor azpeitiarra bigarren heldu zen mugara eta Ixaka Oñederra azkoitiarra izan zen hirugarrena

Biatloiko bideoa ikusi hemen

Martin Berrizbeitia 16 urteko hasiberriak irabazi du aurtengo Loiolako VIII. Biatloia San Jose Sari Nagusia. 32 parte-hartzailetatik onena izan zen Aretxabaletako gaztea.

"Gogorra izan da baina gustura ibili naiz", adierazi zuen Berrizbeitiak proba bukatutakoan. "Biatloi batean parte hartzen dudan estreinako aldia da eta Loiolako proban ere aurreneko aldia dut eta pozik nago", gaineratu zuen, helmugara iristean.

Xabat Manzisidor azpeitiarrak gertutik jarraitu zuen txapelduna eta Ixaka Oñederra azkoitiarra izan zen hirugarren. Aurten, biatloia behin baino gehiagotan irabazi duen beste azkoitiar bat faltan bota dute Loiolan. Izan ere, Mikel Larrañagak ez du parte hartu VIII. Biatloian.

Eguraldiak baldintzatuta

Azken egunetan botatako euriak Loiolako biatloiaren ibilbidea lokatzez bete zuen eta parte-hartzaileen denboretan nabarmendu zen hori. Aldapan behera arriskuan ibili ziren txirrindulariak baina ia guztiek arazorik gabe bukatu zuten proba.

Ateri izan zen probak iraun zuen bitartean eta Loiolako Arrupe etxearen inguruan bildutako ikusleek eskertu zuten eguraldiaren laguntza txikia.

Proba bukatutakoan, lasterkariek dutxa hartzeko aukera izan zuten eta Loiolatxo Elkarteko festa batzordeak eskainitako meriendaz gozatu zuten.

Festa hasi besterik ez da egin

San Jose egunean eutsiko diote auzotarrek festa giroari. Martxoaren 19an ospatuko dute jaien egun handia, goizean hasi eta egun guztirako hainbat ekimen antolatu baitu festa batzordeak.

Zezen txikiak, asto lasterketa, herri kirol jaialdia eta trikitixa doinuak izango dira Loiolako auzotarrak eta bisitariak alaitzeko. Martxoaren 21ean egingo duten auzo afariarekin bukatuko dira aurtengo sanjoseak.

Hala ere, festaz gozatzeko beste aukera bat ere izango da hemendik aurrera. Loiolatxo elkartekoek laister webgune bat estreinatuko dutela jakinarazi dute. "Festetako argazkiak eta aurreko urteetako biatloiko irudiak eta informazioa jarriko ditugu bertan", esan dute.

Sailkapena

  1. Martin Berrizbeitia (Aretxabaleta): 46:56.
  1. Xabat Manzisidor (Azpeitia): 47:40.
  2. Ixaka Oñederra (Azkoitia): 49:25.
  3. Ekaitz Eizagirre (Zumaia): 49:50.
  4. Aitzol Arregi (Loiola): 50:25.

Biatloiko bideoa ikusteko klikatu hemen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide