Xabier Etxeberria presoa gose greba egiten ari da Mureten, Espainiaratzeko arriskua duelako

Uztarria.eus 2009ko mar. 10a, 12:03

Xabier Etxeberria.

Hilaren 31n bukatuko zaio espetxe zigorra

Martxoaren 3an hasi zuen protesta ekimena

Xabier Etxeberria Txapi preso azpeitiarra gose greba egiten ari da Mureteko (Frantzia) espetxean martxoaren 3tik. Etxeberriak hilaren 31n beteko du Frantziako Estatuan ezarri zioten espetxe zigorra eta hori amaituta handik Espainiako Estatura kanporatua izateko arriskua du. "Xabier kanporatua izango balitz Espainiako segurtasun indarren esku gelditzeko arriskuan egongo litzateke, tortura arriskuarekin", adierazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM).

Duela sei urte atxilotu zuen Frantziako Poliziak Etxeberria, Bourges herrian, ETArekin lotura zuelakoan. Jabi Agirre azpeitiarrarekin batera atzeman zuten, eta hau iazko urte bukaeran, Frantziako zigorra bukatu ostean, Espainiaratu egin zuten; Soto del Real espetxean dute harrezkero.

AAMk emandako datuen arabera, Etxeberriak gose greba dagoen astebetean bost kilo galdu ditu dagoeneko, eta hark bizi duen egoera kezkaz bizi dutela adierazi dute. "Beste behin neurri gogorrak hartu beharrean aurkitu da euskal preso politiko bat, bere eskubideen aldarrikapena egiteko bide bakar bezala".

AAMren ustez, Xabier Etxeberriak bizi duen egoera espetxeetan ematen ari diren "etengabeko jazarpenen" ondorio da. "Espainiako eta Frantziako gobernuek benetako apustua egin dute herri honetako sektore oso bat ezabatzeko".

Ostiralean, elkarretaratzea

AMMk Etxeberriari elkartasuna adierazi eta kanporaketaren aurka protesta egitera dei egin nahi izan die herritarrei. Datorren ostiralean Azpeitiko anbulategi aurrean elkarretaratzea egingo dute, 19:30ean. "Xabierrek euskal herrian libre bitzitzeko duen eskubidea alkarrikatu" nahi dutela adierazi dute.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Mureten (Frantzia) preso, 350 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide