Euskal Herriko Trikitilari Elkarteak eta Azpeitiko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duten Sanjosetako Trikiti Jaialdia, "trikitia eta euskara indartu eta hedatzeko asmoarekin" egin ohi da urtero. Igandean (martxoak 15) izango da aurten jaialdia, 17:30ean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Oraingo honetan, Joxe Oñaederra Urki eta Joxe Makazaga Ziolar omenduko dituzte. Azpeitiko Udaleko Kultura sailburu Ana Mendizabalek jaialdiaren garrantzia azpimarratu eta herritarrak bertara joatera animatu ditu, "urtero arrakasta izaten duen jaialdia da sanjosetakoa eta antolatutako egitaraua ere zabala da, beraz bertara joatera animatuko nuke jendea".
Garai batean ETBk antolatu ohi zuen Sanjosetako Trikiti Jaialdia. Baina, harek antolatzeari utzi zionean Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak (Mikel Gorrotxategi Alabier da elkartearen lehendakari berria) hartu zuen ekitaldia aurrera eramateko ardura, "aurreko urteetako formatuari eutsiz".
Aurtengo honetan, Joxe Oñaederra Urki eta Joxe Makazaga Ziolar omenduko dituzte. "Jaialdiaren aitzakian, plazarik plaza aritu diren trikitilariak omentzeko beta ere hartzen da, eta aurten Urki eta Ziolar omentzea pentsatu dugu", azaldu dute Tritikitixa Elkartekoek. "Biek, urteetan herririk herri eta plazarik plaza soinuarekin eta panderoarekin egin duten lanari behar bezalako eskerra ematea da ekitaldi xume honen nahia. Gainera, trikitilari bikote hau gerora etorri den hainbat trikitilari belaunaldiren maisu ere eta erreferentzia ere izan da", diote.
Egitaraua eta sarrerak
Jaialdia, igandean da, 17:30ean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aurkezle Laxaro Azkune ariko da, aurreko bi urteetan bezala. Omenaldiez gainera egitaraua honako hau da:
- Xabi Arakama eta Trikizio.
- Jon Ostolaza eta Rakel Pujana.
- Roberto, Jabier Ortiz de Zarate eta Idoia Markaida.
- Ansa ahizpak.
- Edurne Errandonea eta Ander Beldarrain.
- Gozategi.
Jaialdirako sarrera 12 euro da eta dagoeneko saltzen jarri dituzte honako toki hauetan:
- Azpeitian: Pastorkua tabernan, Meola tabernan eta kiroldegian.
- Azkoitian: Isidro jatetxean.
Egunean bertan, Izarraitz pilotalekuko leihatilan jarriko dituzte saltzen.