Astigarraga Group-eko langileak kaleratzeen kontra mobilizatzen hasi dira

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 11a, 13:03

Astigarraga Group-eko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo (asteartea) Lamdetako biribilgunean.

Enpresako hiru langilek lana utzi dute euren borondatez; beste hiru langilek kaleratze-gutunak jaso dituztela salatu dute

"Enpresak langileekin izandako bileran inongo akordiotara iristeko asmorik gabe" jokatzen ari dela salatu dute LABek eta ELAk

Azpeitiko Astigarraga Group enpresako langileek mobilizatzeari ekin diote euren egoera ezagutzera eman eta zenbait kaleratze salatzeko. Joan den ostiralean egin zuten lehendabiziko elkarretaratzea eta atzo, asteartea, bertan beste bat egin zuten Azpeitian. Gaur eta bihar ere Landetako biribilgunean elkartuko dira, 17:15etik aurrera.

"Enpresak hiru kaleratze-gutun banatu ditu gaur (atzo, asteartea) eta astelehenean beste hiru langilek euren borondatez utzi zuten lanpostua, enpresak emandako epea bukatutakoan", esan dute langileen ordezkariek.

Astigarraga Group enpresa "itxikeriaz" jokatzen ari dela salatu dute LABek eta ELAk. "Enpresak langileekin izandako bileran inongo akordiotara iristeko asmorik gabe, modu arbitrarioan" jokatu duela salatu dute. Lan taldeari eusteko eskatu diote enpresako zuzendaritzari: "Lan taldea murriztu behar bada, gutxienez modu boluntarioan izan dezala eskatzen dugu".

"Bizi dugun krisiaren ondorioak betikoak ordaintzeko prest ez gaude, Astigarraga taldeak azken urte luzeetan dirua lepo egin du, eta orain gauzak okertzen hasten direnean ez dugu onartuko inondik inora jendea kaleratua izan dadin", esan dute sindikatuek.

Egoera "larria"

Astigarraga Group enpresak bi lantoki ditu Azpeitian. 1980. urtean sortu zen enpresa eta egun, guztira, 65 langile ditu. Brikolaje alorrerako egurrezko altzari desmuntagarriak, astoak eta altzari lagungarriak egiten ditu enpresak.

Gauzak horrela, azken hilabetetan eraikuntza eta turismo sektoreek bizi duten krisiak bete-betean jo du Astigarraga taldea eta produkzioa nabarmen jaitsi da. "Inbertsioak eta proiektuak gelditu behar izan ditugu eta orain egoera salbatzera zuzendu ditugu ahalegin guztiak", adierazi du enpersako marketin arduradun Izaro Astigarragak. Egoera larria dela dio, eta "negoziatzen ari gara bezeroekin nahiz langileekin" egoera hobetzeko.

Iazko uztailean bederatzi langile beren borondatez irtetzea eskaini zuen enpresak. "Neurri hori langile ordezkariekin eta sindikatuekin adostu genuen eta bederatzi lagun irten ziren enpresatik". Hala ere, "gure helburua ahal dugun langile gehienek enpresan lanean jarraitzea da". Horregatik, aurretik beste neurri batzuk hartu dituzte enpresan, egutegi malgua ezarriz, besteak beste.

Bestalde, unean uneko enpresaren egoeraz informatzeko bilerak egiten ari direla dio marketin arduradunak. "Gardentasunez eta datu guztiekin azaldu diegu egoera", dio Astigarragak. "Egoerak duen larritasuna globala da, zuzenki mehatxatuta gaude guztiok eta ezintasuna sentitzen dugu bai enpresak bai langileek", erantsi du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide