Espainiako Iraupeneko Txapelketari irabaziz ekin dio Aristi auto-gidariak

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 11a, 13:03

Valentziako (Herrialde Katalanak) Cheste zirkuituan jokatu zuen lasterketa asteburuan

"Lasterketa oso gogorra izan da, baina gure erritmoa oso ona izan da, itzuli azkarra eginez", adierazi du Aristik

Antonio Aristik (Urrestilla, Azpeitia) eta Harriet Arruabarrenak (Lazkao) Espainiako Iraurpeneko Txapelketako lehen lasterketa jokatu zuten asteburuan, Valentziako (Herrialde Katalanak) Cheste zirkuituan. Igandean bi lasterketa korritu zituzten, batean aurreneko postua lortu zuten eta bigarrengoan laugarren postua.

Lehen lasterketa ona egin zuten Aristik eta Arruabarrenak: itzulirik azkarrena egin zuten eta horri esker garaipena lortu zuten, Europako txapelduna den Oscar Nogueresen aurretik eginez. Aristik azaldu duenez, "oso gustura gaude egindakoarekin. Lasterketa oso gogorra izan da, baina gure erritmoa oso ona izan da, itzuli azkarra eginez".

Igandean korritutako bigarren lasterketan, aurrenekoan egindako lanari esker 20 segundoko handicap-a jarri zieten. Baina hala ere, laugarren postua lortzeko gai izan ziren Aristi eta Arruabarrena. Hilabeteak autoa hartu gabe egon ondoren, berragerpen bikaina egin zuten bi gidariek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide