81 auto gidarik parte hartuko dute X. Ikasberri Rallysprintean

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 12a, 13:03

Larunbatean da auto lasterketa Azpeitia(Gazte)-Errezil-Bidania artean; 15:30ean hasiko da

Aurtengo Rallysprintean kopa berri bat sortu dute

Guztira 81 taldek eman dute izena X. Ikasberri Rallysprintean. Larunbatean da, Azpeitiko Gazte bidegurutzea-Errezil-Bidania artean. 15:30ean hasiko da eta 14:30erako errepidea itxita izango da. Gorka eta Ramon Apalantza, Joseba Zapirain eta Iñaki Alberdi dira auto lasterketako garaipena lortzeko faborito nagusiak. Behetik gora izango da aurten auto lasterketa eta 13,5 kilometroko ibilbidea hiru aldiz egin beharko dute auto gidariek eta kopilotuek. Sarrera 10 euro izango da.

Iazko auto lasterketan Gorka Apalantza errezildarra eta haren anai Aitzol (Subaru WRC) izan ziren irabazleak eta aurten ere iazkoa errepikatzen saiatuko direla azaldu dute lasterketaren antolatzaile diren Lagun Artea Eskuderiakoek eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoek. Gainera, iaz marka berria jarri zuten Apalantza anaiek, 07:09,7 denbora eginda. Baina, apalantzatarrek aita izango dute lehiakideen artean, Ramon Apalantzak Aitzol Lejardi (Mitsubishi WRC) izango du lagun. Joseba Zapirain ere hortxe-hortxe ibiliko da, Estibalitz Armendariz (Peugeot 206 WRC) kopilotu duela. Azpeitiar bat ere punta-puntan ibiliko denaren susmoa dute antolatzaileek, Iñaki Alberdi eta Jorge del Cidek osatuko dute taldea (Porscche GT3). Joxe Labaka eta Eli Bergara azpeitiarrek ere parte hartuko dute (Mitsubishi EVO V).

Kopa berria

Aurtengo Ikasberri Rallysprintean kopa berri bat sortu dute: TKR-Peugeot Kopa. Lehiaketa hori Peugeot 205 eta Peugeot 309 modeloetara mugatuta dago. Antolatzaileen esanetan, "euskal motorzaleentzako akuilukada bat da, gidari gazteei autozaletasunaren baitan lekutxo bat egiteko aukera emateko".

Jon Ander Usabiaga gogoan

Larunbatean (martxoak 14), goizeko 10:00etatik aurrera parte hartuko duten auto guztiak Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekuan egongo dira, bertan egiaztatze administratiboak eta teknikoak bete beharko dituztelako. Ondoren, 14:30ean, probaren zuzendariak azken oharrak emango dizkie parte hartuko duten gidariei eta laguntzaileei, Briefing-ean. Mementu horretan, joan den astean lan istripuz hildako Jon Ander Usabiagaren oroimenez minutuko isilunea gordeko dute. "Auto lasterketan Usabiagak parte hartu ohi zuen, azkena Gabiriakoan izan zen. Horregatik, hura gogoan izan nahi dugu", azaldu dute antolatzaileek. Gero, lasterketari ekiteko auto guztiak epaitegiko aparkalekutik Antzibar industrialdera joango dira. Han autoei azkenengo ukituak emango dizkie eta 15:30ean, lasterketako lehenengo txandari ekingo diote.

Segurtasuna bermatzeko oharrak

Auto lasterketaren antolatzaileek eta babesleek zaletuei segurtasun oharrak eta neurriak betetzeko eskatu die: "Leku seguruetan jartzeko eskatzen diegu, eta inoiz ez zinta gorriarekin seinalatutako tokietan, horrek leku arriskutsuak diren tokiak direla esan nahi duelako". Antolatzaileen eta komisarioen oharrak eta jarraibideak errespetatzeko ere eskatu dute. Horrez gainera, mendia eta inguruak errespetatzeko eta zaintzeko ere eskatu diete zaletuei. Sarreran, zabor poltsak banatuko dituzte eta zaborrak bertan gorde eta gero edukiontzietan botatzeko eskatu dute, edota zaborrak botatzeko jarriko diren leku zehatzetan uzteko, "gero antolatzaileoi haien bilketa errazteko".

Auto lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera

Lasterketa Euskadi Irratiaren bidez (FM 88.7) zuzenean jarraitzeko aukera izango da, Hiru Erregeen Mahaia saioan. Baina Internet bidez segitzeko aukera ere jarriko dute Lagun Artea Eskuderiakoek euren webgunean: www.lagunartea.com helbidean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide