X. Ikasberri Rallysprinta Iñaki Alberdik eta Jorge del Cidek irabazi dute

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 16a, 10:03

Goiko argazkian, Gorka eta Aitzol Apalantza, larunbatean, X. Azpeitiko Rallysprintean. Behekoan, Araneta Jon Ander Usabiaga zenaren senideei oroigarria ematen. (Nerea Uranga)

Denborarik onenak Gorka eta Aitzol Apalantzak egin zituzten, baina isun baten ondorioz txapela galdu dute

Guztira 81 parte-hartzailek zuten izena emanda eta 75ek irten zuten

Faboritoen artean izan zen lehia nagusiena atzo X. Ikasberri Rallysprintean. Denbora aldetik, lasterketarik azkarrena Gorka Apalantza eta Aitzol Apalantza errezildarrek egin zuten, Subaru WRC autoarekin. Baina aurreneko txandan jasotako 40 segundoko isunaren ondorioz, Iñaki Alberdi eta Jorge del Cid azpeitiarrek irabazi zuten txapela (21:28,7).

Txandatik txandara denbora hobetzen joan ziren Apalantza anaiak, Gazteko biribilgunetik Bidania arteko 13,5 kilometroak egiteko 06:59 behar izan zituzten aurrenekoan; bigarrenean, 06:58,50; eta hirugarrenean 06:57. Baina, aurreneko txandan irteeran ordurako ez zeudelako, 40 segundoko isuna jaso zuten; horrek sailkapenean bigarren gelditzea eragin zien (21:34,9). Hirugarren, Ramon Apalantza eta Aitzol Lejardik egin zuten (21:49).

Iñaki Alberdik eta Jorge del Cidek, Porsche 911 GT3 autoarekin, aurreneko eta bigarrengo txandan denbora berdina egin zuten, 07:09, eta hirugarrenean 07:10.

Auto lasterketan eguraldi ona egin zuen, euririk egin gabe eutsi zion. Parte-hartzaileak asko izan ziren: 81 parte-hartzailek zuten izena emanda eta 75ek irten zuten. Lasterketa ikusten ere jende asko bildu zen bide bazterretan.

Minutuko isilunea

Lasterketa hasi aurretik, joan den astean lan istripuz hil zen Jon Ander Usabiaga gogoan izan zuten Ikasberri Rallysprintean. Aurrena, auto gidari guztiek bilduta minutu bateko isilunea gorde zuten. Gero, haren familiartekoei oroigarria eman zieten lasterketaren antolatzaileek. Oroigarria Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren izenean Urraki Eskuderiako Jose Antonio Aranetak eman zien. Usabiaga autozalea zen eta auto lasterketetan parte hartu ohi zuen; azkena Gabiriakoan irten zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide