Gipuzkoako Batzar Nagusiak ezagutzeko aukera dago plazan kokatuta dagoen autobus ibiltarian

Uztarria.eus 2009ko mar. 17a, 10:03

Prentsaurrekoa eman zuen atzo Luis Mari Ormaetxea Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteordeak.

Luis Mari Ormaetxea Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteordea Azpeitian izan zen atzo (astelehena)

Gipuzkoako Batzar Nagusiek betetzen duten papera eta gizartean duten funtzioa azaldu nahi diete herritarrei

Luis Mari Ormaetxea Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteordea Azpeitian izan zen atzo, astelehena, Gipuzkoa oinarri, Gipuzkoa helburu kanpaina ibiltariaren barruan. Gipuzkoako Batzar Nagusiek betetzen duten papera eta gizartean duten funtzioa herritarrei azaltzeko helburuarekin, autobus birziklatu batek Gipuzkoako hainbat herri bisitatzen ari da, eta bihar arte, asteazkena, Azpeitiko plazan kokatuta egongo da.

Ormaetxeak prentsaurrekoa eman zuen autobusean, Julian Eizmendi Azpeitiko alkatearekin eta hainbat batzarkidekin batera. Ormaetxearen arabera, kanpainiarekin helburuetako bat "foru parlamentuan eztabaidatzen diren gaiek eta bertan hartzen diren erabakiek egunerokotasunean dute garrantziaz herritarrek jabetzea nahi dugu".

Julian Eizmendi alkateak "Batzar Nagusietan Azpeitiak duen izena eta garrantzia" azpimarratu izan nahi zuen. "Batzar Nagusietako hiriburua izan zen Azpeitia, Donostia, Tolosa eta Azkoitiarekin batera", adierazi zuen alkateak.

Herritarrei informazioa helarazteko autobusean 12 ordenagailu jarri dituzte. Horrez gain, ordu bateko iraupena duen bideo bat ikus daiteke, eta bertan Gipuzkoako Batzar Nagusiei buruzko informazio dena jasotzen da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide