Pasaiako sarraskia oroitzeko ekitaldiak egingo dituzte igande honetan

Berria.info, uztarria.com 2009ko mar. 17a, 13:03

Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen 1984ko martxoaren 22an; haien artean, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak

Manifestazioa, omenaldia eta bazkaria egingo dituzte Pasai Donibanen; Azpeitian hilaren 28an egingo dituzte ekitaldiak

Martxoaren 22an (igandea) mende laurdena beteko da Espainiako Poliziak Pasaian (Gipuzkoa) Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide tiroz hil zituenetik —113 tiro zulo zituzten laurek— eta, gertaera hura gogoratzeko, herritar batzuek ekitaldiak antolatu dituzte egun horretarako.

12:00etan, Pasai Donibanen hasita, manifestazioa egingo dute hilketak izan ziren lekura, eta 12:30ean hor omenaldia egingo dute. 14:00etan herri bazkaria.

Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak izan ziren hil zituzten bi. Beste biak: Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu iruinsemeak.

Oraindik auzia ez da argitu epaitegietan. Kasua hiru aldiz itxi izan dute, baina orain berriro zabaldu dute. Izan ere, Donostiako Epaitegiak urtarrilaren 19an deklarazioa hartu zion Espainiako Poliziaren orduko Gipuzkoako Informazio arduradunari.

Azpeitian ere bai

Urtero bezala, Azpeitian ere egingo dituzte aurten urteurreneko ekitaldiak. Hilaren 28an (larunbata), hain zuzen.

12:30. Bertso-poteoa.
14:00. Bazkaria. Azoka plazan.
17:00. Patetika-Kabareta antzerki lana, Kilikolo taldearen eskutik. Azoka plazan.
22:00. Kontzertua Gaztetxean: Kaosaren Erasoak (Soraluze), Final Fight (Zumaia) eta Old Bridge (Azpeitia).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide