Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiak ibilbide berria izango du, "erosoagoa"

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 18a, 10:03

Atzo (asteartea) aurkeztu zuten Azkoitia-Azpeitia XVI. Nazioarteko maratoi Erdia Loiola Hotelean. (Nerea Uranga)

Antolatzaileen nahia, ibilbide berria tarteko, bateren batek maratoi erdiko errekorra haustea da

Igandean bukatuko da izena emateko epea eta 1.600 lagun hartuko dituzte asko jota; hilaren 28an da proba

Diego Garciaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia XVI. Nazioarteko Maratoi Erdia hilaren 28an izango da 16:30ean, Azkoitiko Julio Urkijo kalean irtenda. "Parte-hartzaile kopurua igotzea ez dugu helburu, gure helburu nagusia lasterketaren kalitatea hobetzea eta goi mailako lasterketa antolatzea da", azaldu dute antolatzaileek lasterketaren aurkezpenean. Hori dela eta, 1.600 dortsal atera dituzte eta muga horretatik aurrera ez dute onartuko inor gehiago. Korrikalari herrikoiei lasterketa erosoagoa egiteko eta elitekoei edota goi mailako lasterkariei errekorra haustea errazteko, ibilbide osoa aldatu egin dute.

Markak hautsi nahi

Antolatzaileen asmoa lasterketan markak haustea da, eta errekorra egiten duenarentzako 2.400 euroko saria ere jarri du Lan Mobel enpresak. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko errekorra gizonezkoetan Yaret Asmeronek du, 00:60:28 denborarekin. Emakumezkoetan, berriz, Pamela Chepchumbak 01:08:57. Biek orain bi urteko maratoi erdian lortu zuten.

Antolatzaile taldeko kide Santiago Perezen esanetan, "ibilbide berria errekorra ezartzeko hobea da, baina eguraldia ere lagun izan beharko da. Iaz bezala 22 gradu egiten baditu zaila izango dute lasterkariek errekorra egitea: tenperatura hori gehiegi da korrika egiteko".

Goi mailako lasterkari askok ezingo dute etorri, aurten Munduko Txapelketa jokatuko den egunetan delako Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Dena dela, Perezek azaldu duenez, orain arte baiezkoa eman dutenekin talde polita osatu dutela: "Goi mailako lasterkari askok ezingo dute etorri, baina hala ere kartel zabala eta kalitatekoa osatu dugu, besteak beste, William Cheborrek, Samuel Mugok eta Margaret Okayok etorriko direla esan dutelako".

Ibilbidea aldatuta

Ohi bezala Azkoitian hasiko da lasterketa, baina irteera toki berri batetik izango da aurten: eliz ataritik abiatu beharrean Julio Urkijo kalean hasiko da lasterketa, Lidl aurretik. Bertan, urtero bezala Diego Garcia zenaren lagun bat izango dute gogoan; aurten Jose Manuel Garcia izango da. Ondoren, minutuko isilunea egingo dute Diego Garciaren oroimenez. Lasterketa Azpeitian bukatuko da, Hotel Loiola aurrean.

Xeye Atletismo Taldeko Agustin Jimenezen arabera, "maratoi erdiaren zirkuitua erabat aldatu dugu. Ibilbide hobea da, gure ustez. Lehen, lasterkari asko aurrenekoek harrapatu eta pasatu egiten zituzten; batik bat hori saihestu nahi dugu ibilbide berriarekin". Bi hilabetetik gora eman dituzte ibilbide berria prestatzen eta horretan buru-belarri aritu den Jose Antonio Zulaikak egindako lana azpimarratu du Jimenezek: "Hilabeteetako lanaren ondoren, zirkuitua igandean homologatu zuten".

Ibilbide berriak, hasiera-hasieratik ditu abantailak, Jimenezen arabera: "Irteera bera askoz zabalagoa izango da orain, eta bai ikusleentzako eta bai korrikalarientzako mesederako izango da". Gainera, irten eta lehenengo 400 metroak zuzen egin beharko dituzte. Gero, Trenbidearen Zumarditik eta bidegorria segituz Berrosueta aldera hartuko dute, eta atzera Azkoitia aldera joango dira. 3. kilometrotik 8. kilometrora bitartean pixka bat goraka izango da ibilbidea, baina 8.tik 17.era bitartekoa beheraka da. Ibilbide berriaren zati handi bat Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen bidegorritik egin beharko dute eta "hori lasterkari herrikoientzako erosoa da eta goi mailakoak zenbait tokitatik ziztu bizian pasatuko dira". Ondorioz, lasterketak irauten duen bitartean ohiko erabiltzaileentzako itxita egongo dira bidegorriak.

Bestetik, Azpeitian saihesbideko zatiak kendu egin dituzte. Izan ere, "ibilbidearen zati hori gogorra zen eta aldapa igo beharra zegoen; gainera toki haizetsua zen. Alde horretatik, zati hori kenduta ibilbidea dezente hobetu dugu". Antolatzaileen esanetan, ibilbide berria oso polita da eta erosoa: "Ibilbidea diseinatzea dezente kostatu zaigu, baina horren aldeko apustua egin nahi genuen, eta egin dugu".

Ezinduentzako ere bada lasterketa eta dagoeneko bederatzik eman dute izena. "Gero eta gehiago dira ezinduen lasterketan parte hartzen dutenak", antolatzaile taldeko Jose Maria Floresen esanetan.

Babesleak eta laguntzaileak

Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo taldeak antolatzen du lasterketa, El Andaluz eta Zaletu taldeen laguntzarekin. Baina lasterketa aurrera eramateko babesleak eta laguntzaileak izatea ezinbestekoa dela nabarmendu dute. "Nahiz eta gaur egungo egoera erraza ez izan, Lan Mobelek eskaintzen digun babesa garrantzitsua da. Esan beharra dago enpresa horrek 16 urtez segidan babestu duela maratoi erdia". Aurten, gainera, Kutxa ere babesle nagusien artean dute antolatzaileek, New Balancerekin batera. Horiez gainera, 250-300 azkoitiar eta azpeitiar boluntariok parte hartzen dute lasterketaren eguneko antolaketan. "Lasterketa hau aurrera eramateko lan talde handi baten lana dago atzetik eta horiei denei eskerrak eman beharrean gaude", diote.

Erakunde publikoen laguntza ere badu lasterketak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalena. Azpeitiko Udalak, esaterako, haurtzaindegi eta ludoteka zerbitzua jarri du, parte-hartzaileen seme-alabentzako. Eta, gainera, azpeitiarren parte-hartzea bultzatzeko hainbat zozketa egingo ditu: Zumaiako Zelai talasoterapiara joateko bi txartel; Hotel Loiolan bi lagunentzako bina afari; eta Urola Zentru Medikuan esfortzu proba egiteko bi txartel.

Diego garciaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia XVI. nazioarteko maratoi erdia

LASTERKETA

Eguna: Martxoak 28, larunbata.

Irteera: 16:30ean, Azkoitiko Julio Urkijo kaletik.

Helmuga: Azpeitian, Loiolarako bidean Hotel Loiola aurrean.

IZENA EMATEKO

Egunean bertan ezin da: Maratoi erdia jokatuko den egunean bertan ezingo da izenik eman.

Tokiak: Hilaren 22ra arte eman daiteke, 18,50 euro ordainduta.

  • Azkoitian, Plaza Berri Sport dendan.
  • Azpeitian, Aradi Kirolak eta Aitzaki Kirolak dendetan.
  • Zarautzen, Nere Sport dendan.

Tokiak: Martxoaren 22ra arte, 15,50 euro ordainduta honako helbidean eman daiteke izena:

www.sarralle.com/media-maraton

PARTE-HARTZAILEAK

1.600an muga. Maratoi erdiko antolatzaileen arabera, 1.600 dortsal atera dituzte eta hori baino parte-hartzaile gehiago ez dute hartuko lasterketan. Iaz, 1.182 korrikalarik hartu zuten parte. Lasterketarako izena emateko azken eguna ostirala da. Atzo arte izena emanda zutenenen kopurua kontuan hartuta, 1.200 parte-hartzaile inguru espero dituzte.

Atletak. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartuko dutela esan duten korrikalariak eta dituzten markak:

  • Gizonezkoetan: William Chebor keniarra, 01:00:51; Samuel Mugo keniarra, 01:01:04, maratoi erdian eta 02:06:52 maratoian; Julio Rey 01:02:10 maratoi erdian eta 02:06:52 maratoian; Eliseo Martin, 01:04:21; Jonay Gonzalez, debuta egingo du; Fernando Rey, 01:02:26; eta, Pedro Nimo, 01:04:21.
  • Emakumezkoetan: Margaret Okayo keniarra, 01:07:23 maratooi erdian, 02:20:43 maratoian; Yesenia Centeno, 01:10:17 maratoi erdian eta 02:31:16 maratoian. Dolores Pulido, 01:10:27 maratoi erdian eta 02:31:56 maratoian; Ana Casares, 01:16:38 maratoi erdian eta 02:36:41 maratoian.

SARIAK ETA ZOZKETAK

Errekorra hautsiz gero. Marka berria jartzen duen lasterkariak 2.400 euroko saria jasoko du. Lan Mobel enpresak emango du saria. Gizonezkoetan errekorra Yaret Asmeronek du, 00:60:28, eta emakumezkoetan Pamela Chepchumbak, 01:08:57.

Denborak hobetuz gero.

  • Estatu mailako lasterkarien artean banatuko dituzten diru sariak:

Gizonezkoetan, 01:06:00 denbora baino lehen bukatuz gero, 600 euro; 01:07:00 baino lehen eginda, 500 euro; eta 01:08:00 aurretik eginez gero, 400 euro. Emakumezkoetan, 01:14:00 baino hobea eginda, 600 euro; 01:15:00 baino lehen eginda, 500 euro; eta 01:17:00 baino lehen 400 euro.

  • Euskal lasterkarien artean, honako denborak gainditu beharko dituzte diru sariak lortzeko: gizonezkoetan, 01:09:00 onduz gero, 300 euro; 01:10:00 baino lehen eginda, 200 euro; eta 01:11:00 onduta 100 euro. Emakumezkoetan, 01:18:30 azpitik eginda, 300 euro; 01:20:00 baino denbora hobea eginda, 200 euro; eta 01:22:00 baino lehen bukatuta, 100 euro.

Zozketa. Parte-hartzaile guztien artean bi telebista eramangarri zozkatuko dituzte irteeran. Saritutako zenbakiak helmugan jarriko dituzte. Azpeitiko Udalak herriko korrikalarien artean talasoterapiako sarrerak, afariak eta esfortzu proba egiteko txartelak zozkatuko ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide