Euskal Herria txirrindularitza Kopako lehen proba jokatuko da Azpeitian ostegunean

Uztarria.eus 2009ko mar. 18a, 13:03

Euskal Herria Kopa bihartik (osteguna) irailera bitartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herrietan jokatuko da

10:00etan hasiko da lasterketa; 200 txirrindulari inguru espero dira

Bihar, martxoak 19, XXVIII. Loiolako Saria txirrindulari lasterketa jokatuko da herrian. Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak urtero antolatzen duen junior mailako lasterketa aurten berrikuntzarekin dator. Izan ere, biharko lasterketa Euskal Herria Kopako lehen proba izango da.

Goizeko hamarretan hasiko da Loiolako proba, eta bertan 200 parte-hartzaile inguru espero dira. "Oso proba garrantzitsua da eta arrakasta izango duela espero dugu. Hemen egiten diren lasterketetan 100 edo 150 txirrindulari elkartzen dira, baina biharkoan 200 inguru espero ditugu", adierazi du Juan Jose Bereziatuak, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko arduradunetako bat. Euskal Herriko beste probintzietako txirrindulariak espero dira, eta "Espainiatik ere" batzuk etorriko direla uste dute.

Bereziartuak azaldu duenez, "lasterketa 12ak aldera amaituko da, Hotel Loiola aurrean". 87.5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek.

Euskal Herria Kopa

Bihartik irailera bitartean jokatuko da Euskal Herria Kopa. Guztira sei proba egin beharko dituzte junior mailako txirrindulariek:

Martxoak 19: Azpeitia (Gipuzkoa)

Apirilak 12: Laudio (Araba)

Ekainak 27: Sopelana (Bizkaia)

Uztailak 14: Ermua (Bizkaia)

Abuztuak 8: Soraluze (Gipuzkoa)

Irailak 20: Alegri-Dulantzi (Araba)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide