Onintza Zeberio: "Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian oso-oso giro ona egoten da"

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 21a, 14:03

Onintza Zeberio. ('Urola Kostako Hitza')

Larunbatean maratoi erdian irtetekoa da

Kros denboraldia bukatu berri du, eta lortutako emaitzekin oso gustura agertu da

Diego Garcia zenari esker hasi zen lasterka serio entrenatzen. Garciak animatu eta Santiago Perezekin entrenatzen hasi zen, orain dela hamabi urte. Ordutik da atleta. Kros denboraldia bukatu berri du Onintza Zeberiok (Donostia, 1974; Azpeitian bizi da 12 urte zituenetik) eta orain martxoaren 28an izango den Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia korritzeko entrenatzen segitzen du. Goierriko Atletismo taldean dabil, neska taldea hantxe dutelako osatuta.

Kros denboraldia bukatu berri duzu. Nola joan da?

Aurten oso-oso gustura nago. Orain dela hamabi urte hasi nintzen korrika eta ordutik ia urtero jardun dut krosean. Baina orain dela hiru urte oposaketak prestatzen hasi nintzen eta bi urte ikasten jardun nuen buru-belarri. Bi urtean krosa egiten jardun dut, baina ezinean. Behin oposaketak aterata, berriro kroserako prestatzen hasi nintzen, gogor. Ondo prestatuta egonez gero, hobeto joaten da denboraldia ere.

Aurten, gainera, udazken eta negu gogorrak egin ditu, hori antzemango zenuten krosean ezta?

Bai, bai, aurten benetako krosa izan da. Lokatz asko, hotza... Krosa berez halakoxea da.

Gipuzkoako Kros Txapelketan txapela lortu duzu eta joan den asteburuan Espainiako Kros Txapelketa korritu zenuen, gipuzkoarren artean aurrena bukatuz.

Bai, Albaceten izan zen Espainiako Kros Txapelketa eta oso gustura gelditu nintzen egindako lanarekin. Euskadiko Selekzioarekin joan ginen, hiru bizkaitar eta hiru gipuzkoar. Lauk puntuatzen dute eta ni taldeko laugarrena gelditu nintzen; puntuatu dudan aurreneko aldia izan da, eta alde horretatik gustura ibili naiz.

Krosean bakarrik ez, ordea, hainbat lasterketa herrikoitan ere parte hartu duzu, ezta?

Bai, bai. Normalean denboraldiko prestaketa krosera zuzentzen dugu, baina laskerketa herrikoietarako jendearekin elkartuta serieak-eta errazago lantzen dituzu etasufrimendu gutxiago izaten da .

Kroseko denboraldia bukatuta, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian irteteko asmorik ba al duzu?

Bai, bai. Behin kroseko lasterketak bukatuta, maratoi erdirako bi aste besterik ez dira gelditzen eta entrenamenduekin segitzen dut, kilometro gehiago egin... Sasoi onean nago, ez nago nekatuta, eta entrenamenduekin segitzen dut. Emaitza onak lortuz gero nekea desberdina izaten da, gorputza ondo daukat eta maratoi erdian irtengo dut.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian, hainbat urtetan azpeitiar nesken artean aurrena egin duzu.

Ez dakit zenbat urtetan irten dudan maratoi erdian. Gainera, 2001ean, Diego Garcia hil zen urtean, Espainiako gutxieneko denbora egitea lortu nuen maratoi erdian.

Zer du Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak?

Herrian bertan da lasterketa, giro oso-oso ona egoten da, anbiente paregabea... Animatzen jende piloa egoten da bide bazterretan eta askotan oilo ipurdia ere jartzen da. Gainontzean, lasterketa gogorra da.

Orain ibilbidea aldatu egin dute, aldapak kendu dituzte.

Bai, hala esan didate, ibilbide berria azkarragoa dela, denborak hobetzeko egokiagoa dela. Baina azkenengo urteetan maratoi erdiaren egunean bero handia egin izan du. Ibilbide berria nik neuk zehazki ez dut ezagutzen. Ez daukat ohiturarik aurretik ibilbidean entrenatzeko. Hori bai, ibilbide berria bidegorrian barrena doala esan didate. Bidegorrian bero handia egiten duenean entrenatu izan dut, itzal gehiago dagoelako, eta polita da toki hori, zuhaitz artetik baitoa.

Emakumeen aldetik zer-nolako parte-hartzea du maratoi erdiak?

Goi mailako korrikalariak etorriko dira, Yesenia Centeno-eta maila onean daude... Baina bertako gehiago animatu behar dira maratoi erdian parte hartzera. Aurten euskaldunentzako dirua ere jarri dute, baina oso denbora azkarrak egin behar dira.

Inoiz maratoia egiteko tentaziorik izan al duzu?

Bai, orain lau urte-edo Sevillako maratoia egiteko tentazioa izan nuen. Baina orain ez dut horrelako asmorik, ondoan Asier Cuevas ikusita, nola sufritzen den eta entrenatzeko zenbat denbora behar den ikusita, orain ez daukat horrelako tentaziorik. Egunen batean maratoiren bat egitekotan bukatzeko egingo nuke, ez denbora hobetzeko, 42 kilometro egitea zer den ikusteko.

Inguru hauetan zergatik dago korrikarako hainbeste zaletasun?

Inguru hauetan bada afizioa. Horretarako aukera ematen duen ibilbidea ere badaukagu Azkoitia eta Azpeitia artean, eta Diego Garcia ere hemen izan genuen... Orain, gainera, lasterkari herrikoien artean lan ona egiten ari da Bagitxitxin eta emakume asko ari da animatzen lasterka egitera. Baina gero eta jende gutxiago dago federatuta, alde horretatik galtzen ari da kontua.

Txiki-txikitatik kirolzalea

Hamabi urte arte Lezon bizi izan zen Onintza Zeberio, baina geroztik Azpeitian bizi da. Txikitatik kirolzalea izan da: "Pertsona urduria naiz, eta nonbaiten asetu beharra daukat nerbioa".

Nondik datorkizu kirolerako zaletasuna?

Txikia nintzela nire amari hala esan zion irakasleak, oso urduria nintzela eta kirola egitea ona izangozela. Kirolean denetik egin dut, eskubaloia, karatea, rugbia, futbola... 1997an, unibertsitatean hasi nintzen eta orduan futbolean nenbilen, baina entrenatzeko denborarik gabe. Partidetan beti aulkian uzten ninduten, eta nik geldirik ezin egon, eta batetik bestera korrikan hasten nintzen. Halako batean, Diego Garciak esan zidan, korrika asko ikusten ninduela eta ea zergatik ez nintzen hasten. Hasieran lotsa pixka bat ematen zidan, baina Diegoren bidez Santi Perezekin hasi nintzen entrenatzen eta gaur arte. Duela bost urte, berriz, duatloia ere probatu nuen. Ondo ibili nintzen, Euskadiko Txapelketa ere irabazi nuen, baina denbora gehiago eskatzen du horrek. Ordundik, Asier Cuevas dut korrikako entrenatzailea.

Denetik eginda baina lasterkarekin gelditu zara. Zergatik?

Lasterka egiteko asko gustatu behar da kirola bera eta lasterka egiteak pertsonalki asko betetzen nau. Garaipenak zeuk lortzen dituzu, eta emaitza onekin lortzen duzun poztasunak asko betetzen zaitu. Hori bai, federatuta korrika jarduteko asko entrenatu behar da, egunero joan behar da korrika egitera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide