Lurrez, itsasoz eta airez

Enekoitz Esnaola (Pasai Donibane) 2009ko mar. 22a, 23:03

Ertzaintzaren itsasontzia, gaur, Pasaiako badian.

Ertzaintzak galarazi egin du Pasaiako sarraskia gogoratzeko ekitaldia. Espainiako Poliziak 113 tirorekin hil zituen 1984ko martxoaren 22an Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide; Pelitxo eta Kurro azpeitiarrak, tartean

Txapasek 21 tiro jaso zituen gorputzean, Peluk 28, Pelitxok ere 28, Kurrok 36. Egin kontuak: 113 dira. Hori dena, gaur 25 urte, 1984ko martxoaren 22an, Pasai Donibanen. Espainiako Poliziak hil zituen badiako haitzetan Rafael Delas Txapas eta Jose Mari Izura Pelu iruinsemeak eta Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro azpeitiarrak, laurak Komando Autonomo Antikapitalistetako (KAA) kideak. 113 balazo helburura; punteria perfektoa ez zutenez izango poliziek, auskalo beste zenbat joan ote ziren haitzetara eta itsasora.

Eguerdiko hamabiak iristeko bost minutu falta dira eta ertzain batek nortasun agiria eskatu dio kazetari bati, Pasai Donibanen. Argazki kamera ikusi dio eta identifikatu egin nahi du; tipo arrikutsua da kazetaria. Lehor-lehor bota dio poliziak: ondorengorako antolatuta dauden ekimenak legez kanpokoak direla eta, kazetaria horietako batean “parte hartzen” ikusten badu, Espainiako Auzitegi Nazionalera igor dezaketela bere aurkako auzia.

Pasai Donibane sarrera-sarreran, Jaizkibelgo bidegurutzean, dozena erdi bat ertzain daude. Handik 300en bat metrora, Ertzaintzaren lau furgoneta eta hogeiren bat agente. Puntetarako bidean, beste polizia batzuek Txapas, Pelu, Pelitxo eta Kurro hil zituzten haitzen parean, Ertzaintzaren laupabost auto eta beltzak, dozena bat pasa bai.

Duela mende laurdeneko gau beltz hartan Espainiako 200-300 polizia baziren badia inguruan, armaz josita, KAAko kideen zodiak ontzia noiz iritsiko. 25 urtera, omenaldi xumea galarazteko asmoz, 40 bat ertzain, armaz josita.

Horiek lurrean daude, eta ez dira bakarrak. Izan ere, badaude gehiago: batzuk badian Ertzaintzaren beraren barkuan, beste zenbait helikopteroan. Lurrez, itsasoz eta airez ari dira omenaldia izorratu nahian.

Gogoratzekoa da: 113 balazo izan ziren.

Plazan, ekitaldia hasi nahian (manifestazioa, haitz zulatu haietan omenaldia, enparantzan bazkaria), 150 bat lagun daude, lasai: jende edadetua, Pelitxoren-eta kintakoak, umeak, gazteak. Iruñetik autobus batean jendea etorri da, kasu. 12:20 aldera, ordea, 21 ertzain plazan sartu dira, armak eskuan, aurpegia estalita. Bala asko aldean, pistoletan. "113, akaso?"; ironia da plazako lagunen arma. Polizien buruak antolatzaileei: Auzitegi Nazionaleko agindu batek dioela ekitaldia debekatuta dagoela eta ezin dela ezer egin. Integrala da Polizia hori, azpimarratzen dute noiznahi: oso-osorik betetzen ditu Espainiako Justiziaren aginduak.

Ertzainburua eskuzabal jarri da, ordea, eta eskaintza: hildako bakoitzaren bi senidek izango dutela joaterik heriotzaren haitzetara, KAAko bi kide ohik ere bai. Baina ‘desberdinen arteko’ paktoa hau dela: lehendabizi plaza hustu egin behar da.

Ekimen oro bertan behera utzi dute Kurroren-eta lagunek.

“25 urte pasatu dira eta ekitaldi xumea egin nahi genuen, baina dena hartuta dago. Oso tristea da. Ikusten da hemen nola dagoen demokrazia". Rosa Jimeno da hori esan duena. 1984ko martxoaren 22 hartan bertatik bertara bizi izan zuen sarraskia, Poliziak bahituta eraman zuelako badiara —KAAko kidea zen Jimeno—. "Baina guk aurrera jarraituko dugu, are gehiago hau dena ikusita”. Justiziak ez du oraindik poliziarik edo arduradun politikorik zigortu.

Txikiteroak-eta dabiltza plazan, ertzainak ertzain jaieroko buelta utzi gabe. “Hil, akabatu egin zituzten lau gazte haiek. Fusilatu. Eta 25 urtera, 25era!, ez utzi omenaldia egiten?! Ba al daiteke?”. Bai. Hemen adibidea. Beste bat.

“Las Fuerzas Armadas, constituidas por el Ejército de Tierra, la Armada y el Ejército del Aire, tienen como misión garantizar la soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y el ordenamiento constitucional” dio Espainiako Konstituzioko 8. artikuluak. 1978an onartu zuten. Ertzaintzarik ez zegoen artean...

Bideoa hemen

--

Pasaiako sarraskiari buruzko artikulu batzuk.
- 113 zulo itxi gabe
- 25 urte egia azaleratu nahian
- Hogei urte ahanzturaren aurka borrokan
- Pasaiako segada ikertzen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide