San Jose Saria, etxekoentzat

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 22a, 10:03

Taldeka Lan Mobel izan zen onena, baina Euskal Herria Txapelketako beste hiru proba daude oraindik.

Lan Mobeleko txirrindulari jubenilek lortu dute taldekako garaipena San Jose eguneko Euskal Herria Txapelketan

Guztira, 87 kilometroko ibilbidea egin zuten kirolariek

Eguraldi ederrarekin, giro bikaina izan dute aurtengoan loiolatarrek sanjosetan. Jaiek ondo baino hobeto irten dute, eta antolatzaileak gustura daude. Pozik daude Lan Mobeleko txirrindulariak ere. Euskal Herria Txapelketa XXVIII. San Jose Saria jokatu zuten ostegunean txirrindulari jubenilek, eta eurek irabazi zuten talde mailako lehia San Jose Eguneko ospakizunak biribiltzeko.

Proba gehiagotan aurrena

Guztira 87 kilometroko ibilbidea egin zuten kirolariek. Azpeititik Iraetara joan ziren aurrena; handik Azkoitira eta berriro Iraetara; han Meagako bidea hartu eta Zumaiara; Zumaiatik Azkoitira eta handik Azkaratera. Proba amaitzeko berriz ere Azpeitira itzuli ziren; Loiolan jarri zuten helmuga.

Proba polita izan zela adierazi zuten Lagun Onak Txirrindulari Elkartekoek. Izan ere, "bizkor ibili ziren, ihesaldiak sortuz". Lan Mobeleko onenak ere "erne" aritu ziren, 40. kilometroan 16 laguneko ihesaldian sartzea lortu zutelako Jackes Goenagak, Imanol Arizmendik eta Ioritz Alberdik. Handik gutxira beste 8 lagunek lortu zuten talde horrekin bat egitea, tartean Lan Mobeletik aurrena sailkatu zen Markos Zaldibiak.

Lan Mobel txirrindulari taldekoen artean izan zen irabazteko ahalegin berezia egin zuenik ere: "Goenagak ahalegin handia egin zuen talde horretatik alde egiteko eta Azkarate azpira iritsi aurretik taldetxoari metro batzuk atera bazizkion ere, ez zuen tarterik irekitzerik lortu".

Taldeka proba irabaztea lortu duten arren, Euskal Herria Txapelketa ez dute irabazi oraindik. Izan ere, ligaxka da eta sanjosetakoa lehen saioa izan da. Herrialdeka egiten da, eta Gipuzkoakoaren ondotik Nafarroakoa, Bizkaiakoa eta Arabakoa jokatuko dituzte. Batez bestekoa eginda erabakiko dituzte txapelketako irabazleak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide