Herria Abian! aldaketa sozialerako plataforma aurkeztu dute eskualdean

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 2a, 11:04

Herenegun aurkeztu zuten Herria Abian! plataforma, Azpeitiko Baigeran. (Nerea Uranga)

Plataformaren manifestuaren berri Azpeitian eman zuten asteartean

Besteak beste, aberastasuna banatzeko eta ekonomia demokratizatzeko eskatu du hainbat eragilek

Eskualdeko hainbat alorretako eragileek eta norbanakoek Herria Abian! aldaketa sozialerako eta kapitalismoaren kontrako herri plataforma eta manifestua aurkeztu dute. Krisi ekonomikoari aurre egiteko osatu dute, Euskal Herri mailan. Izan ere, haien arabera egun "ekomonia ez da pertsonen eskubideak eta herrien beharrak asetzeko antolatzen. Horren ordez, pertsonak eta herriak ekonomiaren izenean sakrifikatu egiten dira globalizatutako kapitalismoaren aldarean".

Beraz, kapitalismoak eragindako desberdintasunak kritikatu dituzte: "Azken hamarkadan ekoizpena nabarmen hazi da, baina sortutako aberastasuna ez da herritarren bizi-baldintzak hobetzeko izan, kontrakoa baizik".

Gaur egun hedabide eta erakunde guztiak krisiaz hitz egiten dutela esan dute, "orain, kapitalistak nahiko luketen bezainbeste irabazten ari ez direnean". Hori "iraingarria" dela iritzi diote Herria Abian! plataformarekin bat egiten dutenek: "Herri honek jasaten duen krisi iraunkorra estaltzen ibili ondoren, enpresarien etekinei eustea lehenengo lehentasuntzat ezarri nahi dute".

Plataformaren manifestuaren berri ere eman dute Azpeitian egindako aurkezpenean. Bertan, lan produktiboaren eta aberastasunaren banaketa; ekonomiaren demokratizazioa; eta ekosistemaren garapen eredu demokratikoa aldarrikatu dituzte. "Horiexek dira benetako krisitik, sistema kapitalistak eragiten duen horretatik, ateratzeko beharrezkoak diren egiturazko neurrietako batzuk".

Babesa emateko

Euskal Herri mailan dagoeneko 70 eragilek baino gehiagok babestu dute plataformaren adierazpena. Horiez gain, norbanakoak ere badira Herria Abian! plataformakoen esanetan. Atxikimendua plataformaren webgunean eman daitekeela adierazi dute, www.herria-abian.org helbidean. Jendea atxikimendua ematera deitu dute, baita asteburuan antolatutako ekimenetan parte hartzera ere: larunbatean, 17:00etan, Donostiako Sagues auzoan antolatu duten hitzaldi eta bideo emanaldian eta 12:00etan Iruñeko Gazteluko plazatik irtenda egingo duten manifestazioan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide