Soreasu baino lehen beste proiektu batzuk laguntzeko premia dagoela adieraziko dio Udalak Kutxari

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 4a, 11:04

San Martin egoitzak lehentasun handiagoa duela uste dute, eta liburutegirako laguntza eskatuta zutela diote

Apirileko ohiko udalbatzarrean ere eztabaida izan zen nagusi Udal Gobernuaren eta oposizioko taldeen artean

Soreasuko auditorioa baino lehen beste proiektu batzuk laguntzeko premia dagoela adieraziko dio Udalak Kutxari, azken udalbatzarrean hartutako erabakiaren arabera.

Joan den ostegunean (hilak 2), apirileko ohiko udalbatzarrean ere, eztabaida izan zen nagusi Udal Gobernuaren eta oposizioko ezker abertzalearen, EAren eta Aralarren artean. Galdera eta erreguen txanda aurretik, Iñaki Errazkinek, udalbatzarretako araudiari helduz, presazko gai bat lantzea eskatu zuen: Kutxako Gizartekintzak Soreasuko auditorioa diruz laguntzeko asmoa duela-eta, hari Udalak adieraztea hori baino lehenagoko lehentasunak badirela herrian, hala nola, San Martin egoitzan egoiliar gehiago hartzeko tokia egokitzea. Edota Kutxari urrian aurkeztutako Udal Liburutegia eraberritzeko proiektua berreskuratzeko eskatzea.

Eztabaida luzearen ondoren, bozketa egin zuten eta oposizioko alderdien aldeko botoekin onartu egin zen Kutxari Udaletik eskaera hori egitea. EAJk kontra bozkatu zuen, liburutegiko proiektua ez dutela ezagutzen argudiatuz eta beste erakunde batzuetan ere San Martin handitzeko diru laguntza eskaera eginda dutelako.

Gaia lantzeko eskatzeko orduan ondokoa adierazi zuen Errazkinek: "Aste honetan jakin dugu, Kutxak Gizartekintzako diru laguntza Soreasuko kultur gunera bideratuko duela. Kontua da, agintaldi honetan, urrian, Kutxarekin izandako harremanetan Udal Liburutegia eraberritzeko proiektua laguntzeko proposatu zitzaiola Kutxari. Orain proiektu hori desagertu da, ez dakigu zer gertatu den. Gure ustez, Soreasuko auditorioa baino lehenagoko proiektuak badaude. Beraz, eskatzen dugu Udalak Kutxari adieraztea, Soreasuakoa baino lehenago beste proiektu batzuk daudela: San Martin egoitza handitzea edota Udal Liburutegia eraberritzea. Ez dakigu non eta noiz erabaki den Kutxari Soreasurako diru laguntza eskatzea". Gai hori udalbatzarrean landu edo ez bozkatu zuten oposiziokoek. Baina, bozketa aurretik eztabaida luzea izan zuten gaiaz.

Erakundeekin harremanetan

Julian Eizmendi (EAJ) alkateak proiektuetarako diru laguntzak eskatzeko ahaleginak erakunde desberdinetan egin dituela esan zuen. "Ez dut soilik Kutxara eskatu diru laguntza, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan ere beste proiektu batzuk laguntzeko eskatu dut: kiroldegia handitzeko... Soreasuko auditorioa bukatzea helburu nagusia da. San Martin egoitzako asmoari buruz ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egin dugu".

Aralarreko Juan Karlos Arellanok alkateari Soreasurekin duen "obsesioa" egotzi zion: "Udalbatza osatzen dugun gehiengoaren lehentasunak beste batzuk dira, hori ez al duzu ikusten? Soreasurekiko obsesio hori alde batera utzi eta beste lehentasun batzuk egon daitezkeela ez al duzu ikusten?". Soreasuko proiektua garai batean "aho batez" udalbatzarrean onartu zela erantzun zion Eizmendik Aralarrekoari. "Soreasuko lanak martxan daude, auditorioa eta garajeak bukatu behar ditugu. San Martin egoitzarekin ez gaude ahaztuta, kiroldegiarekin ere ez...".

Udaletik kanpo jakinda

Ezker abertzaleko zinegotzi Xanet Esnaolak, "jarrera eta forma desegokiak" izatea leporatu zion alkateari, "Kutxak Soreasuko auditorioa laguntzeko asmoa duela kanpotik jakin dugu. Liburutegia handitzeko proiektuaren kontua nik neuk kudeatu nuen Kutxako arduradunarekin joan den urrian eta interesgarria iruditu zitzaien". Liburutegiko proiektua Udalean ere egokia ikusi zela azaldu zuen Esnaolak: "Proiektua Udalean azaldu zen, Kultura Batzordean ere bai eta inork eragozpenik ez zuen jarri". Kutxak lagundu asmo duen proiektua aldatu egin dela adierazi zuen ezker abertzaleko zinegotziak, "ezkutuan eta inorekin hitz egin gabe egin dira gauzak, eta gero borondateaz hitz egiten da; kanpotik gauzez enteratzea borondatea bada, ederki gaude!".

Liburutegiko asmoa ezezaguna

Eizmendik Esnaolari erantzun zion liburutegia handitzeko proiektuaren berririk ez zuela. Ana Mendizabal EAJko zinegotzi eta Udaleko Kultura batzodeburuak onartu egin zuen Kultura Batzordean liburutegirako egitasmoaz hitz eginda zeudela, baina proiektua bera ez zuela ezagutzen.

Udalbatza osatzen duten alderdi eta talde guztien arteko eztabaidaren ondoren, alkatea eta EAJko zinegotziak alkatearen bulegoan bildu ziren. Gero alderdietako bozeramaileak deitu zituen alkateak bere bulegora. Behin denak bulegotik irtenda udalbatzarrak jarraitu egin zuen. Aurrena, Iñaki Errazkinek proposatutako gaia landu edo ez bozkatu zuten: oposizioko alderdiek baiezkoa eman eta eztabaidarekin jarraitu gabe bozkatzera pasatu ziren. Hala, Udalak Kutxari Soreasukoaren aurretik beste lehentasun batzuk badaudela adieraztea eta San Martin egoitzaren handitzearen berri ematea, eta liburutegiaren proiektua berreskuratzeko eskatzea erabaki zuten. Ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko botoekin hartu zen erabakia. EAJkoek aurka egin zuten.

Udaleko antolaketa atzeratuta

Herenegungo udalbatzarreko gai zerrendan, Udal Gobernuaren antolaketa eta erakunde ezberdinetan Udalaren ordezkaritzak gaia zegoen jasota. Baina horretaz ez zuten eztabaidatu, ezta erabakirik hartu ere. Julian Eizmendi alkatearen hitzetan, "Batzordean mahai gainean jarri genuen gaia, baina ez dugu bozkatuko, oraindik gaia berde ikusi zelako Batzordean, eta gaiaz hitz egiten jarraituko dugu". EAko Manuel Unanue zinegotziak esan zuenez, "gai honen inguruan akordiorik ez dagoela-eta, beste era batera egin behar zela esan zen Batzordean, adostasunik ez dagoelako". Ezker abertzaleko Iñaki Errazkinek, "adostasunik ez dagoela eta atzeratzea erabaki bada, orduan zergatik sartu da udalbatzarreko gai zerrendan?", galdetu zuen. "Gai horretaz hitz egin behar zela erabaki genuen", esan zuen berriro Eizmendik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide