Etxebeltzen etxea egokitu zaien herritarrak biltzen hasi dira

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 6a, 11:04

Martxoan egin zuten bileratik "informazio gehiagorekin baina oso kezkatuta" irten zutela diote

"Gure egoera legala ezagutzea eta arazoa konpontzeko bidea aurkitzea da gure helburua", diote herritar taldeak

Etxebeltz-Izarra lur eremuan babes ofizialeko etxebizitza egokitu zaien batzuk Urola Kostako Hitza-ri jakinarazi diotenez, "egoeraz kezkatuta" daudela-eta bilerak egiten hasi dira. Dagoeneko bi bilera egin dituzte, eta aurrera begira dei zabal bat egiteko asmoa dutela azaldu dute.

EAEko Auzitegi Nagusiak Arau Ordezkatzaileen zati baten aldaketa baliogabetu zuen iazko abenduan, "eta, ondorioz, Etxebeltz Izarrako proiektua ere baliorik gabe gelditu da".

Etxebeltzeko 154 babes ofizialeko etxebitzetako bat egokitu zaienek diotenez, "orain gutxi arte ez genuen jaso inolako informaziorik, Azpeitia Lantzeneko lehendakari IƱaki Errazkinek bilera informatiboa deitu zuen arte, martxoaren 17an".

Martxoan egindako bilera hartatik, herritarrek "informazio gehiagorekin", baina "oso kezkatuta" irten zuela diote, "eta kaltetuak garen aldetik, gure artean biltzen hasteko erabakia hartu genuen".

Erabaki horren helburua, "gure egoera legala ezagutzea eta arazoa konpontzeko bidea aurkitzea" direla dio herritar taldeak. "Orain arte bi bilera egin ditugu, eta aurrerantzean gehiago egitea aurreikusten dugu. Horregatik, deialdi zabal bat egingo dugu laster", gaineratu dute.

Helbide elektroniko bat ere zabaldu dutela jakinarazi dute, norbaitek eurekin harremanetan jarri nahi izango balu ere. Honako hau da hori: etxebeltzizarra@gmail.com.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide