Soreasuko auditorioa eta garajeak Udal Gobernuaren lehentasunak direla adierazi du Julian Eizmendik

Uztarria.eus 2009ko api. 8a, 14:04

Liburutegiko proiektuaren dokumentuak joan den asteko plenoan "aurreneko aldiz" ikusi zituztela adierazi du

"Soreasuko kultur guneak euskal kulturaren hedapenerako erreferente bihurtzeko helburua du", dio alkateak

Soreasuko auditorioko lanak amaitzea Udal Gobernuaren lehentasuna dela adierazi zuen Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak atzo, asteartea. Apirileko ohiko batzarrean Udal Gobernuaren eta oposizioaren artean sortutako eztabaidaren harira egin nahi izan ditu adierazpenak alkateak. Orduan Kutxako Gizartekintzak Soreasuko auditorioa diruz laguntzeko asmoa zuela jakin zuten oposizio taldeek eta hauek erabaki zuten laguntza hori eskatzeko lehentasuna liburutegia handitzea eta San Martin egoitzaren laugarren solairua egokitzea zela, ez Soreasuko auditorioa amaitzea. EAJk kontra bozkatu zuen.

Julian Eizmendik adierazi zuenez, "Udal Gobernura itzuli garenetik herriaren garapenerako garrantzitsu jotako proiektuak aurrera ateratzeko harremanak izan ditugu dagozkien administrazio eta instituzioekin". Proiektu horietako bat Soreasuko auditorioa da. "Soreasuko auditorioa eta garajeak egitea oso garrantzitsua da Azpeiriarentzat. Kultur guneak herriko kultur ekintzetako balioko du, baina hortik haratago doa: euskal kulturaren hedapenerako erreferente bihurtzeko helburua du". Auditorioa amaitzeko, "egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta", administrazio ezberdinei diru laguntza eskatu zaiela adierazi zuen alkateak, eta baita Kutxari ere. Proiektua aho batez onartua izan zela gogoratu nahi izan zuen.

Liburutegiaren proiektuaren berririk ez

Joan den asteko plenoan, Udal Gobernuak liburutegia handitzeko proiektuaren berririk ez zuela adierazi zuen eta atzo Eizmendik esandakoa berretsi zuen. "Liburutegia handitzearen proiektuaren inguruko informazioa apirilaren 2ko plenoan jaso genuen. Proiektuaren dokumentuak orduan ikusi genituen aurreneko aldiz". Proiektua ez zela aurkeztu ez kultura batzordean ez eta hirigintzakoan azpimarratu zuen alkateak.

San Martin egoitzaren inguruan, azkeneko solairua egokitzeko lanean ari direla eta Foru Aldundiarekin harremanetan jarri direla esan zuen alkateak, baina "Diputazioko buruek argi utzi digute edonolako lanak egiten hasi aurretik Aldundiaren oniritzia behar dela, lan horiek eta ondorengo zerbitzuek finantziazio publikoa dutelako".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide