Peñagarikano: "Ez du balio lehen partidatik haratago begiratzeak"

Berria, uztarria.com 2009ko api. 9a, 14:04

Larunbatean (18:00) jokatuko du buruz buruko txapelketako lehen kanporaketa, Agirreren aurka, Tolosan

Irabaziko balu, Beloki izango du aurkari final-zortzirenetan

Kepa Peñagarikanok larunbat honetan (18:00, T5 digitala) ekingo dio Lehen Mailako Pilotako buruz buruko Txapelketako bideari, Imanol Agirreren kontra final-hamaseirenetan, Tolosan. Agirrek aurreko kanporaketan 22-7 irabazi zion Aritz Laskuraini.

Txapelketako aurkezpeneko iritzietan ezustea eman dezakeen pilotarien artean ageri zen Peñagarikano, bere kuadroan joko klasikoa egiten duten pilotariak dituelako. Agirre du lehen aurkari. Irabaziko balu, Ruben Beloki, gero Asier Olaizola Olaizola I.a final-laurdenetan. Azpeitikoak, baina, ez die kasu egiten iritziei, eta oinak lurrean ditu. "Ez du ezertarako balio lehen partidatik haratago begiratzeak. Nahikoa lan izango dut Agirreri irabazten, Belokiren aurkakoan pentsatzen hasteko".

Peñagarikanok buruz buruko partidetan izan ditu ibilbideko egunik gozoenak eta aurten, "zorionez edo zoritxarrez", nahi adina denbora izan du prestatzeko. Lehen aurkaria ere ezaguna du, iaz 22-12 irabazi ziolako. Hala ere, etzi partida oso ezberdina espero du. "Iaz Agirrek ez zuen ahal duen bezainbeste jokatu. Partida arraroa izan zen, saketik min egin nion... Aurten hobeto ikusten dut. Laskurainen aurka ondo bukatu zuen tantoa, eta nire onena ematera behartuko nau". Peñak ondo argudiatzen du bere iritzia. "Agirre oso ondo defendatzen da sotamanoz, erritmo bizia jartzen du. Ni pilota gurutzatuz saiatu beharko naiz hori saihesten".

Lan horretarako oso pilota zakar bat aukeratu zuen atzo (asteazkena). Bestea, berriz, mugitzeko errazagoa, Agirrek aukeraturikoen tankerakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide