Ramon Jauregi, Galindo, Carasusan

Enekoitz Esnaola 2009ko api. 16a, 13:04

Ramon Jauregi PSE-EEko agintaria Europako Legebiltzarrera bidaliko du PSOEk, eta orain, halakoetan maiz gertatzen den bezala, laudorioak besterik ez ditu jaso alderdikideen aldetik: "Politiko petoa" dela, "demokraziaren alde" asko egin duela Euskal Herrian eta Espainian...

Bada, ordea, hark esandako esaldi bat gogoratzeko modukoa, 1985ean botatakoa. Hain justu, urte hartako uztailaren 9an Komando Autonomo Antikapitalistek (KAA) Angel Carasusan azpeitiarra bahitu zuten Azpeitian eta Guardia Zibilak ia astebetera askatu egin zuen, Lezoko etxe batean egindako operazioan —hura izan zen KAAren azken bahiketa—. Ramon Jauregi zen orduan Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Gobernuaren ordezkaria —1983tik 1986ra artean izan zen—, eta hauxe idatzi zuen Carasusanen bahiketa bukatzean Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuarteleko buruaz: "Galindo es, tengo que decir, el mejor policía que tenemos en el País Vasco, el más experto en la lucha antiterrorista, el más profesional y el más serio, y el que nos ha dado más y mejores resultados en los dos años que llevo en la delegación. Es, con diferencia, el mejor; esa es la expresión".

2000ko apirilean Espainiako Auzitegi Nazionalak Galindori 71 urteko kartzela zigorra jarri zion, Joxi Zabala eta Joxean Lasa ustezko etakideak bahitzea eta hiltzea egotzita. Galindok 2004ko irailean irten zuen espetxetik, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren baimen bidez, "osasun arazoak" zirela-eta. GALen lehen ekintzetakoa izan zen Joxi Zabala eta Joxean Lasaren bahiketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide