Nortasun Agiria berritzeko txandak errespetatzeko eskatu dute Udaletik

Uztarria.eus 2009ko api. 20a, 11:04

Apirilean, txanda hartuta zuten 35 lagun ez dira agertu karneta berritzera

"Nortasun Agiria berritzeko, bi egunetan udaletxera etortzea beharrezkoa da", adierazi dute Udaletik

Apirilaren 14ean eta 15ean berritu ziren Espainiako Nortasun agiriak (NAN) Azpeitiko udaletxean. Bertatik adierazi dutenez, Nortasun Agiria berritzeko txandekin arazoak izan dituzte apirilean. Izan ere, hil honetarako txanda hartuta zuten 35 lagun ez dira agertu karneta berritzera eta honek kezka sortu du Udalean. "Nortasun Agiria berritzeko eskari handia egoten da, egunero etortzen da jendea hori eskatuz. Hil honetan 35 pertsonek egin dute kale, eta hori gehiegi da".

Gertatu denaren arrazoia ez dakitela azaldu dute udaletxetik. "Nortasun Agiria berritzeko, bi egunetan Udaletxera joatea beharrezkoa da. Txandak aurrez hartzen dira eta norbaitek egokitu zaion egunean ezin badu joan, Udalera etorri behar du eta bere txanda itzuli". Udaleko langileen arabera, "ez dugu arazorik itzulitako txandak berriro antolatzeko, eskari asko dagoelako eta jende askok beharrezkoa duelako NANa berritzea".

Maiatzerako eta ekainerako orduak eman dituzte dagoeneko. Maiatzean 12an eta 14an berrituko dira nortasun agiriak, eta ekainean, 16an eta 18an. Guztira 160 txanda banatu dituzte eta Udaleko langileek txanda errespetatzeko eskatu dute, apirilean gertatu dena errepikatu ez dadin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide