Azpeitian jokatuko dute EBA Ligako multzo bateko igoera fasea, Iraurgik antolatuta

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 20a, 20:04

Maiatzaren 22an, 23an eta 24an jokatuko dute lau taldek —Iraurgik, tartean—, eta aurrena igoko da; azken fasean beste hiru multzo ere egongo dira

Larunbatean Santurtziri 91-74 irabazi ostean lortu du igoera fasea jokatzeko aukera Lan Mobel ISBk

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak denboraldirako jarritako helburuetako bat lortu du: EBA Ligako A Multzoan LEBerako igoera faseko sailkapena eskuratzea. Eta, gaur (astelehena) jakin denez, igoera fasea Azpeitian jokatuko dute, maiatzaren 22an, 23an eta 24an.

Gaur egun dauden mailak kontuan hartuta, EBAren goiko maila LEB Brontzea da. Dena dela, Espainiako Federazioa LEB Brontzea kendu edo ez aztertzen ari da.

EBAko igoera fasea hamasei taldek jokatuko dute, lau multzotan banatuta. Multzo horietako batekoak Azpeitian bilduko dira, eta aurreneko taldeak lortuko du igotzea. Maiatzaren 22an (ostirala) bi partida jokatuko dituzte Azpeitiko kiroldegian, 23an beste bi eta 24an beste bi. Talde denak elkarren aurka ariko dira, azken batean.

Igoera fasea jokatzeko aukera joan den larunbatean lortu zuen Lan Mobel ISBk, Santurtziri 91-74 irabazi ondoren. Denboraldia bukatzeko hiru partida falta diren arren, sailkapeneko aurreneko tokia ziurtatua du, Santurtzi bigarrenari lau partidako aldea ateratzen diolako. Horrek igoera fasea antolatzeko eta etxean bertan jokatzeko aukera ematen dio, eta onartu egin du igoera fasean bertan izatea. Iraurgi Saskibaloi Taldekoek azaldu dutenez, "Iraurgiko eta saskibaloiko zaletuei eskainitako saria da".

Lan Mobel ISBkoek egin duten denboraldi bikainaren emaitza izan da: orain arte jokatutako 25 partidatatik 21 irabazi eta lau galdu dituzte.

Lehen minutuak okerrenak

Larunbatean Santurtziren kontra ez zuten ederki hasi partida Lan Mobel ISBkoek, 0-8 galduz ekin ziotelako. Baina laster egoerari aurrea hartu eta lehen laurdena 26-24 aurretik bukatu zuten. Bigarren laurdenean defentsa gogortu zuten etxekoek eta bederatzi puntu aurretik heldu ziren atsedenera.

Hirugarren laurdenera partida erabakitzeko asmoarekin irten zuten Jon Txakartegik zuzendutako mutilek, eta bigarren laurdeneko martxarekin jarraitu eta 73-56 amaitu zuten. Azkenengo laurdenean joko bikaina egin zuen Lan Mobelek eta 91-74 emaitzarekin irabazi. Lan Mobel ISBtik Joseba Ibargutxik lortu zuen puntu gehien: 18. Jorge Leonek 16 egin zituen eta Xabier Osak eta Gorka Alarciak 14na.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide