Etxebeltz-Izarrako zatikako planaren ordenazioa legearen araberakoa dela esan du EAEko Auzitegi Nagusiak

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 25a, 12:04

Erabakia "berri ona" dela dio alkateak, "ordenazioak legea betetzen duela erakusten duelako"

Etxebeltzeko proiektuaren inguruan Leku Ederrek hainbat errekurtso du sartuta epaitegietan

Leku Eder S.A. promotorak Etxebeltz-Izarrak proiektua baliogabetzeko eskaera egin zuen, baina herenegun EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du, Etxebeltz-Izarrako plan partzialaren proiektua legearen arabera eginda dagoela esanaz; hau da, zuzenbidearekin bat datorrela uste du epaitegiak. Auzitegiak Etxebeltz-Izarra eremuko antolamendua zuzena dela esan du, alegia, legeak agindutako honako puntuak betetzen dituela: jokabide sistema; hirigintza arau, eta espazio libreei eta gune berdeei dagokien sistema lokala; lurralde antolaketaren legea; eremuen mugatzeari, eremu publikoak emateari eta partzelatasunari dagokiona; proiektuaren tramitazioa;hirigintza hitzarmena; eta, behin betiko onarpenari buruzko Agindu Forala.

Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak Auzitegi Nagusiak emandako ebazpena "berri ona" dela azaldu du, "ebazpen honek erakusten baitu Etxebeltz-Izarrako proiektua legearen arabera zehaztuta dagoela, eta ordenazioaren oinarrizko betebeharrak jasotzen dituela".

Beste eskari bat ere atzera

Leku Eder-ek Etxebeltz-Izarra eremuari dagokion beste eskari baten inguruan ere hartu zuen erabakia asteazkenean Donostiako Administrazioarekiko Auzietako Lehen Epaitegiak. Erregistroan eremu horri dagokion txostenean gaur egun zein egoeratan dagoen jasotzeko eskatu zuen Leku Ederrek. Oraingo honetan ere epaitegiak atzera bota du promotoraren eskaera.

Etxebeltzeko proiektuaren inguruan Leku Ederrek hainbat errekurtso du sartuta epaitegietan. Alkatearen arabera, batzuk dagoeneko atzera bota dituzte epaitegiek. Bakarra da aurrera egin duena: iazko abenduan Arau Ordezkatzaileen zati baten aldaketa baliogabetu egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak eta, ondorioz, Etxebeltz-Izarrako proiektua ere baliorik gabe gelditu zen. Erabakia ekonomia-finantza txostenaren faltan hartu zuen epaitegiak.

Etxebeltz-Izarra eremuan etxe babes ofizialeko 208 etxebizitza egitekoak dira, baita etxebizitza pribatuak ere. Dagoeneko, babestutako 154 etxebizitzaren zozketa eginda dago. Auzi honetan kaltetutako herritarrak biltzen hasi dira egoerari irtenbidea eman nahian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide