Ramon Etxezarreta (Urrestilla, 1954) PSE-EEko kidea izango da Eusko Jaurlaritza berriko Hizkuntz Politikarako sailburuorde berria, gaur (asteazkena) El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez. Uztarria.com Etxezarretarekin harremanetan jarri da gaur goizean bertan eta honek adierazi du "orain ezin" duela albistea baieztatu. "Hurrengo astean irtengo du buletin ofizialak", esan du.
PSE-EEk eta PPk Jaurlaritzarako akordioa lortua dute eta Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia izango da lehendakari berria orain arte beti EAJko kidea izan da Jaurlaritzako buru. Maiatzaren 5ean egingo dute inbestidura saioa, baina PP ez da gobernuan sartuko.
2005etik Patxi Baztarrika (EAJ) da Jaurlaritzako hizkuntz politikako arduraduna. Hain zuzen, Etxezarreta eta biak elkarrekin egon ziren Donostiako Udalean, zinegotzi modura, bakoitza bere alderdian. Biak, ordea, garai batean Euzkadiko Ezkerra (EE) alderdiko kide izan ziren.
Hizkuntz Politikarako Sailburuordetza, Kultura Saileko parte da eta, El Diario Vasco-ren arabera, Blanca Urgell izango da Kultura sailburu berria.
2002tik 2005era beste azpeitiar bat izan zen hizkuntz politikako buru: Patxi Goenaga. (ikusi Uztarriako elkarrizketa eta soslaia).
Euskara batzordeburu izana Donostian
Etxezarreta 1995etik 2007ra arte izan zen Donostiako zinegotzi, eta duela bi urtetik hango Udaleko Kultura ordezkaria da. 1994an afiliatu zen PSE-EEn; "Ramon Jauregik hauteskunde autonomikoak galdu eta hurrengo egunean, eta ez irabazi eta hurrengo egunean", zioen Etxezarretak berak Uztarria herri aldizkarian 2002an egindako elkarrizketan. "Egia da pixka bat lehenago manifestu baten babesa azaldu nuela, baina artean pasatzeke nintzen alderdira, ez nintzelako Euskadiko Ezkerrako konbergentziarekin pasatu. Jauregiren politika baskista ikusita afiliatu nintzen alderdi sozialistan, ni bezalako jendearen laguntzaren premia orduantxe zuelako alderdi honek".
Kultura eta Euskara Batzordeko arduraduna izan zen Donostiako Udalean, eta hiriko hizkuntz normalizazioaren politikak abian jarri zituen. Bestetik, Egunkaria-ren itxieraren (2003) kontra idatzi eta manifestazioan parte hartu zuen.
Azpeitian ere izan zen hautetsi: 1979tik 1987ra, EEtik.
Uztarria.com-eko blogaria da.
Informazio gehiago
Elkarrizketa zabala Uztarria herri aldizkarian: Gaur egun ez nago autodeterminazioaren alde, baina errespetatuko nuke herriaren erabakia
Uztarriaren mahaingurua: Ramon Etxezarreta, Pako Garmendia eta Iñaki Errazkin. Hirukia geurean
Elkarrizketa informala: Niri ez harrapatu gero txiskerorik edo libururik
ETAren 2006ko su-etenaz artikulua: Hasierako eguna
Bizkartzainekin ibiltzeari buruz elkarrizketa: Gazteentzat ez zara inor, PSOEko kargu bat besterik ez, etsaiaren ordezkaria
Presoen sakabanaketa, estrategia okerra da
Ezker abertzaleaz eta ETAz artikulua: Beti da egun berriaren bezpera