Fernando Etxegarai eta Iñigo Zeberio izan dira txapeldun Sanjuandegin

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 4a, 11:05

Fernando Etxegarai izan zen azkarrena, probaren marka berria ezarriz.

Sanjuandegiko III. Mendi Lasterketan denbora markak hautsi dituzte

Parte-hartzea inoizko handiena izan da: 79 korrikalari izan dira irteeran

Marka guztiak hautsi ditu aurtengo Sanjuandegiko Mendi Lasterketak. Batetik, parte-hartzaile kopurua bikoiztu dute probaren hirugarren urte honetan. Guztira, 79 korrikalari izan dira Sanjuandegi auzoko irteeran.

Bestetik, inoizko probarik azkarrena ere izan da aurtengoa. Fernando Etxegarai berarrak ordubete baino gutxiagoan bukatu zuen proba, lokaztutako ibilibidearen zailtasunei aurre eginez. Etxegaraik 58:34 denboran jarri du mendi lasterketako marka berria.

Parte-hartzaile guztiak saridun

Euriaren mehatxuari muzin egin eta jende ugari elkartu zen ostiral goizean Jose Antonio Agirre plazan, 15 kilometroko lasterketa gertutik ikusteko. 11:00etan hasi zen Bide Ona kultur elkarteak Xeye Atletismo Taldearen, Gipuzkoako DYAren eta Ikasberri Kirol Elkartearen laguntzarekin antolatzen duen lasterketa.

Guztira 79 korrikalarik hartu dute parte Sanjuandegiko proban, 70 gizonezkok eta 9 emakumek. Lehenak, Fernando Etxegaraik, ordubete eskas behar izan zuen helmuga gurutzatzeko eta azkenak, berriz, bi orduren bueltan bukatu zuen lasterketa. Onintza Zeberio azpeitiarra izan zen emakumezkoetan azkarrena, iazko bezalaxe.

Parte-hartzaile guztiek ardo botila bana eta galtzetak jaso zituzten eta probaren amaieran hainbat opariren zozketan parte hartzeko aukera izan zuten. Aurten, estreinakoz, lasterketako lehen hiru irabazleek diru sariak jaso dituzte.

Sari horiez gain, sailkatutako lehen azpeitiarrek, Onintza Zeberiok eta Iosu Arregik, Hitza Saria jaso zuten antolatzaileen eskuetatik.

"Lasterketareninguruko informazioa gehiago zabaldu dugulako eta sariak jarri ditugulako jende gehiagok hartu du parte aurten eta gustura gaude", adierazi zuten Bide Onakoek amaieran.

Sanjuandegiko III. Mendi lasterketa

Gizonezkoak

  1. Fernando Etxegarai (58:34)
  2. Iñigo Lazaga (1:00:57)
  3. Aritz Kortabarria (1:01:15)

Emakumezkoak

  1. Onintza Zeberio (1:17:33)
  2. Jaione Sasieta (1:18:54)
  3. Nekane Gurrutxaga (1:36:54)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide