EAJk "desengainua" hartu du ezker abertzaleak alde batera utzi duelako egindago proposamena

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 4a, 12:05

Azpeitiko EAJkoen ustez, "alderdien artean egon daitezkeen ezberdintasunak alde batera utzi behar dira"

EAJk "elkarrizketa eta akordioak" eskatu ditu

Azpeitiko EAJk Udaleko gai garrantzitsuetaz jarduteko (tartean Etxebeltz-Izarra) Azpeitiko Udalean dauden alderdietako ordezkariekin mahai bat osatzeko proposamena egin zien beste alderdiei. Baina Azpeitiko ezker abertzaleak ez duela parte hartuko azaldu zuen asteazkenean, "Udalaren kudeaketaz aritzeko Udalak bere organoak badituelako eta hor alderdi guztiek euren ordezkaritza dutelako". Ezker abertzaleak hartu duen jarrerarekin "desengainua" hartu duela esan du Azpeitiko EAJk, "ezker abertzaleak EAJk egindako proposamena nahita utzi duelako alde batera".

"Bi gai nagusitatik hanka egin"

Ezker abertzaleak esandakoaren inguruan "datu positibo bakarra" ikusi du Azpeitiko EAJko Uri Buru Batzarrak: "Esan dute Udaleko organoetan eztabaidatu eta erabaki behar direla gaiak. Jarrera hori da, hain zuzen ere, EAJk beti, Udalaren arlo guztietarako, proposatu eta praktikatu izan duena". Jeltzaleek, ordea, zalantza dute ezker abertzaleak "horretan benetan sinesten" ote duen. Hori, EAJren ustez, ezker abertzaleak mahai gainera ateratako "tapaki bat" besterik ez da. Era horretan, "bi nagusitatik hanka egitea" egotzi diote ezker abertzaleari: "Alegia, horrela, Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen gainean irtenbideak ematearen eta blokeo instituzionalaren kontuak ez dituzte aipatu".

Azpeitiko EAJko Uri Buru Batzarrak apirilaren 24an esandakoak berretsi egin ditu. Alegia, "akordiora iristeko benetako borondatea badago", Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzen gaiari "konponbide azkar eta positiboa" emateko aukera dagoela. Gainera, "Azpeitian gertatzen ari den blokeo instituzionala EAJren aurka zentsura mozioa aurkeztu eta berriro alkatetza berreskuratzeko estrategiaren ondorio da".

EAri eta Aralarri gonbidapena

Azpeitiko ezker abertzaleak herenegun ateratako prentsa oharrean Azpeitiko herritarrei kezka sortzen dieten bi gai garrantzitsurekin ahaztu egin direla kritikatu du EAJk. Ondorioz, "berriro" alderdi politiko guztiei "borondate oneko jarrera" agertzeko eskatu die EAJk eta "bide berri honi ekiteko" EAri eta Aralarri gonbidapena egin diete EAJkoek: "Izan ere, Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen lanak bertan behera uzteko arriskua egia bihur daitekeenez, kontuan izan behar dugu azpeitiar askok bere proiektu, itxaropen eta etorkizunerako ilusioak arriskuan ikusten dituztela".

EAJren ustez, "orain inoiz baino areago" alderdien artean egon daitezkeen ezberdintasunak "alde batera utzi" behar dira eta ados jartzen ahalegindu behar dute: "Azpeitiarrak ozen baino ozenago ari zaizkigu eskatzen elkarrekin ados jar gaitezela, irtenbide erraza duen arazo bat lehenbailehen konpontzeko". Hori dela eta, EAJk "elkarrizketa eta akordioak" eskatu ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide