Etxebeltz-Izarrako auziaren soluzio aukerei oztoporik ez diela jarri adierazi du EAk

Uztarria.eus 2009ko mai. 4a, 13:05

Azpeitiko EAren ustez, auziaren gaian "EAJk duen politika lardaskeria hutsa da"

EAJren aurka zentsura mozio bat aurkezteko asmorik ez dutela azaldu dute

Etxebeltz-Izarrako auziaren soluzio aukerei oztoporik ez dietela jarri adierazi dute Azpeitiko EAko kideek. "Azpeitiko herriaren aurrean gure posiziotik ez dago inolako blokeo estrategiarik Udalean eta, are gutxiago, Etxebeltz-Izarrako etxebizitzei dagokienez" adierazi dute.

EAren ustez, Etxebeltz-Izarrako auziaren gaian "EAJk duen politika lardaskeria hutsa" da, "bere herri kudeaketa negargarriaren ondorioz sortua". "EAJk egozten digun blokeoa erabat faltsua da eta gu prest gaude ehunka gazte azpeitiarri eragiten dion arazoa konpontzen laguntzeko".

EAJren aurka zentsura mozio bat aurkezteko asmorik ez dutela azaldu dute. "Argi utzi genien ez dagoela horretarako inongo asmorik. Harrituta gaude horretan tematurik jarraitzen dutelako. Zihur asko, honen guztiaren atzean alkateak Azpeitiako premiazko arazoak konpontzeko duen ezintasuna egongo da, baita bere alderdikideek berarekin dituzten desadostasunak ere".

Udalean konponbide "errealak" aurkezten hasteko eta "EAJri bere barneko arazoak argitzeko" eskatu dute EAtik.

EAren idatzia osorik

"EAJren azken egunotako akusazioei erantzunez, Azpeitiko EAJk Udalaren egoerari buruz azken egunotan prentsan egin dituen deklarazioen aurrean EAk honakoa adierazi nahi du:

Argi utzi nahi dugu Azpeitiko herriaren aurrean gure posiziotik ez dagoela inolako blokeo estrategiarik Udalean eta, are gutxiago, Etxebeltz-Izarrako etxebizitzei dagokienez. Gai honetan EAJk duen politika lardaskeria hutsa iruditzen zaigu, bere herri kudeaketa negargarriaren ondorioz sortua. Gure aldetik, ez diegu inoiz oztoporik jarri Etxebeltz-Izarrako auziaren soluzio aukerei. Gainera, azpimarratu nahi dugu ez dela EAJk honela jokatzen duen lehen aldia. Ez dago Azarautzako kasuan nola jokatu zuten oroitu besterik. Hain justu, oraindik konponbiderik ez duen kontua da eta Udalak epaitegietan gai honi buruz aurkeztu diren auzi guztiak galtzea ekarri du.

EAk adierazi nahi du, EAJk egozten digun blokeoa erabat faltsua dela eta prest dagoela, beti egon izan den bezala, ehunka gazte azpeitiarri eragiten dion arazoa konpontzen laguntzeko.

Bestalde, oposizioko hiru alderdiak EAJren aurka zentsura mozio bat aurkeztekotan gaudela esan du EAJk eta horri erantzunez, esan behar dugu argi utzi geniela apirilaren 23, asteartean eurekin izandako bi orduko bileran, ez dagoela horretarako inongo asmorik. Horregatik, harrituta gaude horretan tematurik jarraitzen dutelako.

Zer ezkutatzen du EAJk oinarri gabeko akusazio horien atzean? Ziur asko, honen guztiaren atzean alkateak Azpeitiko premiazko arazoak konpontzeko duen ezintasuna egongo da, baita alderdikideek berarekin dituzten desadostasunak ere. Bastida al kate ohiak orain gutxiko elkarrizketa batean adierazi du Julian Eizmendi ez bazen oposizioarekin akordioetara iristeko gai, alderdiak berak egin beharko zuela lan hori.

Amaitzeko, EAJri bere barruko arazoak argitzeko eskatu nahi diogu eta Udalean konponbide errealak aurkezten has dadila, prentsan funtsik gabeko akusazioekin gertakariak nahasi eta manipulatu beharrean".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide