Kartel lehiaketa martxan da

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 5a, 12:05

Antzerki Topaketetako kartel lehiaketarako lanak maiatzaren 30era bitartean aurkez daitezke

Kartel irabazlearen egileak 900 euroko saria jasoko du

Azpeitiko Udaleko Kultura Saila dagoeneko hasi da aurtengo XXVII. Antzerki Topaketak antolatzen. Eta, horrekin batera, topaketak iragartzeko kartel lehiaketa martxan jarri dute dagoeneko. Lanak maiatzean aurkeztu beharko dira Azpeitiko udaletxean, Kultura Sailean. Kartel irabazlearen egileak 900 euroko saria jasoko du eta lan hori Antzerki Topaketak iragartzeko erabiliko du Udalak.

Azpeitiko Udaleko Kultura Sailak maiatzean bilduko ditu lehiaketara aurkeztutako lan guztiak eta ekainean denak jendaurrean jarriko ditu, erakusketa batean. Udalaren asmoa erakusketa ekainaren 10etik 25era bitartean zabaltzea da. Orduan, erakusketa ikustera joaten diren herritarrek lanik onena iruditzen zaienaren aldeko botoa emateko aukera izango dute.

Iaz, kartel lehiaketara 44 lan aurkeztu ziren eta Maialen Azkue zarauztarraren lana izan zen saritua, erakusketako ikusleek eta epaimahiko kideek emandako botoei esker.

Euskarazko antzezlanak biltzen dituen topaketa 1983tik egiten da Azpeitian. Gaur egun Topaketek sei sail dituzte: antzerki profesionala, antzerki amateurra, eskola antzerkia, familia antzerkia, kale antzerkia eta omenaldiak eta liburuak.

Euskal Antzerki Topaketako kartel lehiaketan oinarriak

Karteletan azaldu beharreko esaldia. Azpeitia XXVII. Euskal Antzerki Topaketak 2009ko udazkena esaldiak azaldu behar du karteletan, euskaraz idatzita.

Kartelak aurkezteko epea. Maiatzaren 4tik 30era bitartean aurkeztu behar dira lanak Azpeitiko udaletxean.

900 euroko saria. 900 euroko sari bakarra emango du Udalak eta kartel irabazlearen egileari emango diote saria.

Epaimahaiaren erabakia. Epaimahaiaren erabakia uztailean jakinaraziko dute. Aurretik, lehiaketara aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa egingo dute; ekainean izango da.

Bakoitzak gehienez hiru lan. Lehiaketan nahi duen orok har dezake parte, baina parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkez ditzake.

Teknika. Lanak egiteko edozein teknika edo material erabil daiteke.

Argitaragabeak. Lehiaketara aurkeztutako lanak inoiz argitaragabeak izan behar dute, eta egileak berak sortutakoa izan beharko du.

Kartelaren neurriak. Lanak honako neurri hauetan eginda aurkeztu beharko dira: 450 milimetro zabalean eta 680 milimetro altueran.

Lanak nola aurkeztu. Lanak sinatu gabe aurkeztu behar dira; egilearen datuak aparteko kartazal itxi batean gordeta aurkeztu behar dira, lanarekin batera. Kartazal itxi horretan honako datuak azaldu behar dira: egilearen izen-abizenak, jaiotze data, Nortasun Agiriaren zenbakia, herria, helbidea eta telefono zenbakia.

Lanak non aurkeztu. Lanak Azpeitiko udaletxera eraman edo bidali behar dira; honako hau da helbidea: Azpeitiko Udala-Kultura Saila. Enparantza Nagusia 5. 20730 Azpeitia. Kultura Saileko telefono zenbakia 943 157068.

Epaimahaia. Azpeitiko Udalak izendatutakoa izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide