Uztarriaren 106. zenbakia argitaratu berri da

Uztarria.eus 2009ko mai. 7a, 14:05

Maiatzeko zenbakian, Jabier Lasa arotza eta Mikel Labaka futbolaria elkarrizketatu ditugu; Lasak zuhaitz zaharrekin eskulturak egiten ditu; Labakak, berriz, futboletik at bere zaletasunak zeintzuk diren azaldu dizkigu

Ezkontza garaia izanik, gaur egun Azpeitian ezkontzen direnen joerak aztertu ditugu

Uztarria Azpeitiko herri aldizkariaren 106. zenbakia kalean da jada. Maiatzeko zenbakian honako gaiak landu dira Uztarrian:

• Iritzia atalean: Koldo Aldalur, Eider Alkorta, Inaki Elortza, Donato Unanue, Higinio Oiartzabal, Kepa Susperregi, Joxin Iturriotz, Miel A. Elustondo eta Jaione Unanue eta Leire Goenaga kolaboratzaile berrien artikuluak irakurgai.

• Artea zuztarretatik. Jabier Lasak 36 urte eman ditu arotz lanean. Krisiaren ondorioz, langabezian geratu zen eta orain hildako zuhaitz zaharrei bizia ematen die.

• Klik! Bi aurpegiko irudiak. Gizartearen esku-hartzeak Azpeitiko paisaian izan duen eragina jaso du Gaizka Otamendi argazkilariak. Baserri munduaren eta industrializazioaren artean sortu den kontrastea Maiatzeko Klik! ataleko argazkietan ikus daiteke.

• Nahi al dut? Eta nahi badut, nola?. Udaberria ezkontza sasoia da. Ezkontzak jaisten ari direla diote estatistikek, eta erritu erlijiosoak indarra galtzen ari dira. Gure herrian ezkontzea erabakitzen dutenen joerak aztertu nahi izan ditugu.

• Joxin izena bada. Azpeitian oso zabalduta dagoen izena da Joxin eta bere eremua gure herrira mugatzen da. Hala ere, Euskaltzaindiak ez du izen bezala onartzen. Izenaren istorio bitxia ezagutu nahi izan du Uztarriak.

• Takorik gabe. Berdegunean Realeko defentsa da Mikel Labaka. Baina, zer moduz moldatzen da futboletik at? Bestaldetik atalean hori ezagutzen saiatu gara.

• Elena Garmendia. Ingalaterran pasa ditu azken bost urteak. Orain hilabete bat bisitan etorri zen Urrestillara eta bertan geratzea erabaki du. Bere arrazoiak, ‘Hantxe bertan’ atalean.

Uztarria jasotzeko zer egin? Uztarria aldizkaria (hilabetekaria da) etxean edo dena delako tokian jaso nahi duenak, 943 15 03 58ra deitu besterik ez du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide