EAJren zirriborroa oinarri hartuta, oposizioko hiru alderdiek udal aurrekontuak adostu dituzte

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 8a, 13:05

Arellano, Errazkin eta Unanue, gaurko prentsaurrekoan/NEREA URANGA

EAJk 2009rako prestatu duen udal aurrekontuen zirriborroa oinarri hartuta egin daitezkeen ekarpenen gaineko akordioa lortu dute Ezker abertzaleko ordezkariek, EAk eta Aralarrek

Proposamena gaur aurkeztu dute Ogasun Batzordean

Ezker abertzaleko ordezkariek, EAk eta Aralarrek 2009ko Udal aurrekontuen inguruko akordioa lortu dute, "Udalak egin beharreko gastuen eta inbertsioen aurrekontuak onartzeko". EAJk 2009rako prestatu duen udal aurrekontuen zirriborroa oinarri hartuta egin daitezkeen ekarpenak adostu dituzte oposiziokoek. "Udal aurrekontuak onartzeko bidea eginez gure proposamena egin dugu", azaldu dute gaur eguerdian prentsaurrekoan, proposamena arratsaldean Udaleko Ogasun Batzordeko batzarrean aurkeztuko dutela aurreratuz.

Krisi ekonomikoak aurreikuspenetan eragina izango duela azaldu dute oposiziokoek. Hala ere, hainbat egitasmo egitea proposatzen dute. Horiek aurrera eramateko, aurrekontua gerakina erabilita igotzea proposatu dute; hau da, aurrekontua onartu eta epe baten barruan 490.651 euroko kreditu aldaketa egitea.

Horrez gainera, aurretik onartuta dauden beste proiektu batzuekin aurrera jarraitu behar dela nabarmendu dute oposizioko alderdiek: San Martin egoitzako lorategia; San Agustin ondoko parke estalia; Sanjuandegi eta Garmendi hiritartzeko lanak; Urrestillako haur eskolako lanak; eta Urola Ikastolako aterpea kirol erabilerarako egokitzeko lanak. Adostu dituzten aldaketak onartuz gero, oposizioko alderdiak prest daude EAJren udal aurrekontuaren zirriborroa onartzeko.

Inbertsio soziala helburu

Hiru aldeek egindako hitzarmenaren helburu nagusia inbertsio soziala haztea dela diote. Hori dela eta, San Martin egoitzan laugarren solairuko lanak egiteko Udalak 300.000 euro erabiltzea proposatu dute. Horrez gainera, Eguneko Zentroa bukatzeko, Pobrezia Programarako eta etxez etxeko laguntzarako diru kopuru bat gordetzea ere adostu dute.

San Agustineko ikus-entzunezko aretoa bukatu eta irekitzeko dirua gordetzea ere aurreikusi dute. Horrez gainera, Kultur Mahaia lantzen ari den egitasmorako-eta partida bat gordetzea adostu dute.

Bestalde, auzoetarako diru partida bat jartzeaz gainera, Nuarben pilotalekua egiteko 300.000 euro aurreikustea adostu dute, "bi urtetan, urtero, 150.000 euro gordeta". Diotenez, "aspaldiko egitasmoa da eta dagoeneko martxan jarri behar dela uste dugu".

Garraio publiko hobea izateko

Eskualdeko garraio publikoa hobetu beharra dagoela uste dute, eta horretarako 75.000 euro jartzea adostu dute. "Lehendik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eskualdeko zerbitzua hobetzeko hitz egiten hasita geunden, eta orain beste ahalegin bat egin behar dela uste dugu".

Nazio eraikuntzako egitasmoak laguntzeko 70.000 euro jartzea aurreikusi dute, "iazko aurrekontuen bideari jarraituz eta gaur egun inoiz baino garrantzitsuago dela uste dugulako". EAJren Udal aurrekontuen zirriborroan nazio eraikuntzarako 15.000 euro daudela aurreikusita azaldu dute oposiziokoek.

Udalaren hainbat azpiegitura hobetzeko diru kopuru bat jartzea ere adostu dute. Oktogonoan igogailua jartzeko batetik, eta Betharrametan lur zorua-eta hobetzeko bestetik. "Oktogonoan Helduentzako Eskola dago, eta Udalaren azpiegituretan eta eraikinetan irisgarritasuna bermatu beharra dagoela uste dugu".

Kirol azpiegituren azterketa

Herriko kirol azpiegituren inguruan «hausnarketa eta ikerketa sakon bat egiteko» diru kopuru bat jarri beharra dagoela ere adostu du oposizioak. "Igerilekua handitzeko lanak egiteko egitasmoa hor dago, baina benetan zer egin behar den jakiteko eta inbertsioak nondik norakoak izan behar duten zehazteko azterketa sakon bat egin beharra dagoela uste dugu, eta hori Kirol Mahaian ere aztertu beharko litzateke. Azterketa hori aurten egiten hastea inportantea da", azaldu dute.

Soreasuko lanen inguruan

Soreasuko kultur guneaz eta hango lur azpiko garajeetaz ere azalpenak eman dituzte oposiziokoek. Dagoeneko eraikita dagoen kanpoko egitura ordaintzeko 400.000 euro zehaztu beharko dituzte udal aurrekontuetan. Baina lur azpiko garajeak erabiltzen hasteko 790.000 euro beharko liratekeela azaldu dute, "kanpoko aldean hiritartze lanak egin behar direlako, besteak beste".

Udalak lehendik Antzibar enpresarekin hitzarmen bat eginda du, beste egitasmo batzuetan lanak egitea adostuta. Lan horiek egin beharrean Antzibarrek Soreasuko hiritartzeko lanak egitea da EAJk proposatu duena. Hitzarmen hori, ordea, 750.000 eurokoa da eta, beraz udal aurrekontuetatik falta diren 40.000 euroak gehitu beharko litzaizkioke.

Oposizioko hiru alderdiak prest azaldu dira EAJk proposatutakoa onartzeko, baldin eta oposizioak udal aurrekontuen inguruan adostutakoa onartzen badu EAJk. Hala ere, Udalak dagoeneko Soreasun nahiko diru gastatu duela uste dute oposizioko alderdiek.

Horrez gainera, Soreasuko garajeen kasuan ere Etxebeltz-Izarrako arazo berdina dagoela argitu nahi izan dute. Alegia, EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenak baliogabe utzi ditu eremu horretako lanak ere. Horren gainean, Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea jarrita dute.

Oposizioaren proposamenak

  • Lan arriskuei aurrea hartzeko. 12.000 euro.
  • San Martin egoitzaren laugarren solairurako. 300.000 euro.
  • Eguneko Zentroa bukatzeko. 50.000 euro.
  • San Agustin. 50.000 euro.
  • Pobreziaren aurkako programa. EAJren zirriborroan baino 40.000 gehiago.
  • Etxez etxeko laguntza. Zirriborroan baino 40.000 euro gehiago.
  • Soreasurako. 440.000 euro + 200.000 euro.
  • Kirol azpiegituren inguruko ikerketarako. 24.000 euro.
  • Kultur Mahaia. 12.000 euro.
  • Auzoetako azpiegituretarako. 18.000 euro.
  • Nuarbeko pilotalekurako. 150.000na euro bi urtetan.
  • Garraio publikoa hobetzeko. 75.000 euro.
  • Nazio eraikuntzarako. 70.000 euro.
  • Oktogonoko igogailua. 60.000 euro.
  • Betharrameko instalazioak berritzeko. 50.000 euro.

Alkatea: "Bide okerra"

Julian Eizmendi alkateak (EAJ) gaur arratsaldean azaldu duenez, oposizioko alderdiek udal aurrekontuen inguruan adostu dutena aurkezteko erabilitako bidea "ez da zuzena". Alde horretatik, oso haserre agertu da oposizioko alderdiekin. Besteak beste, proposamena Udalean aurkeztu aurretik publiko egitea kritikatu du Eizmendik: "Udal organoetan adostu dutena proposatu aurretik prentsaren aurrean aurkeztu dute, eta jokabide hori ez zait zuzena iruditzen". Gaur arratsaldean dute Ogasun Batzordea udal aurrekontuetaz eztabaidatzeko, eta oposizioak adostatutako proposamena eguerdian aurkeztu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide