EAJk "era positiboan" baloratu du EAren jarrera Etxebeltz-Izarrako auzian

Uztarria.eus 2009ko mai. 8a, 21:05

"Irtenbidea bilatzen laguntzeko" asmoa erakutsi dutela uste dute

Elkarrizketarako deia luzatu diote jeltzaleek EAri, "beharrezko den akordioa lortu arte"

Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarrak begi onez ikusi du Azpeitiko EAk azken komunikatuan Etxebeltz-Izarraren auzian azaldu duen jarrera.

Jeltzaleen esanetan, auziari "irtenbidea bilatzen laguntzeko" jarrera erakutsi dute EAko ordezkariek, eta hori "era positiboan" baloratu du EAJk. "Etxebeltz-Izarrako Babes Ofizialeko Etxebitzen (BOE) gainean dagoen mehatxu juridikoak konponbide erraz eta azkarra" duela iritzi diote EAJkoek baina, beti ere, EAJ eta EA aurrez ados jartzen badira. Horretarako, "gonbidapena" luzatzen diete EAJtik EAko buruei, "ahalik azkarren" elkartzeko.

Komunikatua, osorik

EAren jarreraren gainekoak komunikabideetara igorritako agiri batean eman ditu Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarrak. Hona hemen, agiriaren eduki osoa:

"Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarrak era positiboan baloratzen du Etxebeltz-Izarrako BOEen (Babes Ofizialeko Etxebizitzen) gaian irtenbidea bilatzen laguntzeko EAren herri-mahaiaren jarrera.

Elkarrizketa proposatzen du EAJk eta EAk elkarrekin gaur eguneko egoera desblokeatzeko aukera emango duen erabakia iritsi arte.

EAk atera duen azken komunikatuan benetan positiboa ikusten duguna da Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarraren iritzian teknikoki irtenbide erraza -hori bai, beti ere politikoki akordiora iristeko borondatea baldin badago- duen arazo larri batean irtenbidea lortzen laguntzeko agertu duten jarrera da.

Behin eta berriro ari gara esaten: Etxebeltz-Izarrako Babes Ofizialeko Etxebitzen (BOE) gainean dagoen mehatxu juridikoak -haiek gelditzea ekar dezakeenak- konponbide erraz eta azkarra du, baina eskatzen du EAJ eta EA aurrez ados jartzea gaur egungo egoera askatzeko. EAk agertu duen borondate onak, aurretik EAJren Uri Buru Batzarrak agertu zuenarekin bat datorrenak, zezena adarretatik eustera garamatza beharrezko den akordioa lortu arte, horrekin Azpeitiko ehunka gazteri eta haien familiei etorkizuna berriro ilusioz begiratzeko aukera emango baitiegu berriro.

Alde batera utzi nahi ditugu EAren azken komunikatuan adierazi diren beste hainbat kontu, horiekin ez baikaude ados, eta komunikatu horretan agertzen den alderdi positiboari eutsi nahi diogu zehazki, eta alderdi horren buruei gonbidapena egiten diegu ahalik azkarren elkar gaitezen, lehenbailehen konponbide bat aurkitzeko konpromisoarekin, luzaroagorako utzi gabe".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide