Etxebeltz-Izarrako etxejabeek ez dute Udalean nahikoa borondate ikusten auzia konpontzeko

Uztarria.eus 2009ko mai. 9a, 18:05

"Konponbidea obra bezain makal doa", esan dute, etxea egokitu zitzaienetik urtebete baino gehiago pasatu dela-eta

Irtenbiderako ahalegina egiteko eskatu diete udal taldeei, "ez egoskortzea"

Etxejabeen idatzi osoa albiste honetan

Etxebeltz-Izarra etxeetako auziak ez du bukaerarik, oraingoz, eta hango etxejabeek gogoratu dute urtebete baino gehiago pasatu dela etxea egokitu zitzaienetik. "Konponbidea obra bezain makal doala konturatu gara", diote uztarria.com-era bidalitako idatzian, eta egoera "larria" dela deritzote. "Badirudi arazoari aurre egiteko bideak egon badaudela eta Udalean bertan blokeatzen direla. Talde politikoen arteko desadostasunak eta liskarrak hor daude. Arazoa konpontzeko borondate gutxi ikusten dugu".

Auziari irtenbidea emateko ahalegina egiteko eskatu diete udal taldeei —EAJ, ezker abertzalea, EA eta Aralarri—, eta "beharrezkoa da talde politiko bakoitza berak agertu duen soluzio bidearekin ez egoskortzea".

Etxejabeek diote eurek lanean segituko dutela, eta udal taldeei informazio gehiago emateko ere eskatu diete.

Etxebeltz-Izarrako proposamenak eta kronologia hemen

Etxebeltz-Izarrako etxejabeen idatzia

"Urte bat baino gehiago pasa da, iazko apirilaren 4an Etxebeltz-Izarra eremuan etxebizitza egokitu zitzaigunetik. Lau hilabete ere joan dira EAEko Auzitegi Gorenak, eremu honen oinarri den Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala baliogabetu zuela jakin genuenetik. Honek ekartzen digun arazoaren larritasunaz jabetu ginenetik gure artean biltzen ari gara, eta, konponbidea obra bezain makal doala konturatu gara.

Mota honetako arazoen aurrean politikoek egon behar dute soluzioak emateko. Azpeitiko kasua berezia dela konturatzen gara, talde politikoen arteko desadostasunak eta liskarrak hor daudelako, baina, benetan, arazoa konpontzeko borondate gutxi ikusten dugu. Borondatea prentsan hitzez ez dela erakusten adierazi nahi dugu, ekintzez elkarlanean baizik. Arazo hau konpontzeko bideak badaudela entzutea edo irakurtzea ez zaigu nahikoa iruditzen, bide hauek jorratzen ari direla erakutsi behar dute politikariek eta adostasunera iristeko ahalegina egin, nahiz eta guztiek utzi beharko duten bidean euren interesen zati bat.

Beharrezkoa da talde politiko bakoitza berak agertu duen soluzio bidearekin ez egoskortzea. Agertzen diren soluzio bide guztiak aztertu, landu eta eztabaidatzea egokiago ikusten dugu. Soluzioa epe motzera nahiz epe luzera eskaintzen duten bideak landu beharra dago, baina, beti ere, arazoa konpontzeko borondatez. Badirudi, arazoari aurre egiteko bideak egon badaudela eta Udalean bertan blokeatzen direla.

Informazioa ere bota dugu faltan, talde politiko guztiengatik informazio gehiago espero genuen, beraien arteko bilerei buruz, nola doazen beraien arteko negoziaketak, handik irten diren posturak… Talde politiko guztiei gogoratu nahi diegu guk lanean jarraitzen dugula eta, lan horretan, beraiek une bakoitzean duten informazioa jasotzea lagungarria litzaigukeela.

Oraindik beste 54 etxebizitza zozketatu behar dira Etxebeltz-Izarran. Kuartel Zaharreko etxeak ere hor daude. Zerrendan dauden lagun guztiei, zortedunak izanez gero gure egoera berean geratuko direla azaltzea, gure betebeharra dela pentsatzen dugu. Ez dugu inor desanimatzerik nahi, izan ere, arazo honi irtenbidea ematea posible dela uste dugu, eta horregatik ari gara lanean, baina herritar askori eragiten digun arazoa dela azpimarratu nahi dugu.

Azkenik esan, talde bezala aktiboki jarraituko dugula lanean, jo behar diren ateak joaz eta eman beharreko pausoak emanez, helburu argi bat lortzeko asmoarekin: egokitu zaizkigun etxebizitzak modu garbi batean jasotzea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide