Oposiziokoen botoei esker, Udalak onartu egin du anbulatorioetako zerbitzua euskaraz eskatzeko mozioa

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 9a, 16:05

Uemak proposatuta Urola Kostako anbulatorioetan eta gainerako osasun zentroetan zerbitzua euskaraz emateko eskatzen du Udalak onartutako mozioak

Ezker abertzaleko zinegotziek, EAkoek eta Aralarrekoak Uemak proposatutakoaren alde egin zuten eta EAJkoak abstenitu egin ziren

EAJk azaldu duenez, "Azpeitian, behintzat, euskarazko zerbitzua bermatuta dago, pediatria zerbitzuan izan ezik"

Osteguneko ohiko udalbatzarrean eztabaida gehien euskalgintzako bi gaik sortu zuten oposizioaren eta Udal Gobernua osatzen duen EAJren artean: batetik, Uemak proposatuta Urola Kostako anbulatorioetan eta gainerako osasun zentroetan zerbitzua euskaraz eskatzen zuen mozioa; eta, bestetik, Eleguneren bitartez enpresen kudeaketan euskara indartzeko Udalak martxan jarritako gestio planak. Ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko zinegotziek aurkeztu dute Uemaren proposamena udalbatzarrean, eta mozioaren alde egin dute. Dena dela, EAJkoak abstenitu egin dira. Baina, gehiengoa lortuta, mozioa onartu du Udalak.

EAJko Ana Mendizabalek abstenitzeko arrazoiak azaltzeko orduan, Azpeitiko anbulatorioko lanpostu denek euskarazko bigarren perfila atxikituta dutela dio. "Azpeitian, behintzat, euskarazko zerbitzua bermatuta dago, pediatria zerbitzuan izan ezik. Baina kasu horretan espezialistak bilatzeko dago arazoa, eta oraingo bi pediatrak adinarengatik salbuetsita daude". Mendizabalek dioenez, Azpeitiari dagokionez Osakidetzak jarritako baldintzak "ondo daude". Dena den, Azpeitiko Udalak zerbitzuak euskaraz emateko lan egin beharra duela dio, "jarraipena-eta eginez, baina ez bestelako presio bideekin".

Hizkuntza irizpideak urratuta

Baina, Osakidetzak behar dituen lanpostuak betetzeko egindako oposaketetan "hizkuntza irizpideak urratu" dituela dio Uemaren mozioak. Ildo horretatik ezker abertzalekoek diotenez, "gaur egun egindako oposaketetan osasun zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna izatea ez badute eskatzen, ez da bermatzen hemendik bost urtera osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera izango dugunik. Osakidetzaren oposaketan ez da eskatu elebiduna izatea, gazteleraz jakitea bakarrik eskatu dute. Euskara baliogabetu egin dute".

Eleguneren inguruko erabakiaz

Galdera eta erreguen txanda heldu zenean, ezker abertzaleko Arantxa Isartek, Eleguneren inguruan Udalak hartu duen erabakia zein organotan hartu den argitzeko eskatu zuen. Izan ere, Udalak apirileko Azpeitian Zer? aldizkarian egitasmo horren berri eman du. Oposizioko alderdietako kideek aldizkarian irakurrita jakin dute enpresen kudeaketan euskara indartzeko egitasmoan aldaketak egin dituela Udalak. Isartek azaldu duenez, "Euskara Mahaian azaldutako bakarra aurrekontuetan aldaketak egingo direla da, baina ez zein pauso emateko asmoa zegoen. Beraz, non eta zeinek hartu du erabakia?". EAJko Ana Mendizabalen arabera, aurrekontuak azaldu zituztenean, "argi" gelditu zen, Eleguneren proiektua aurrera eramateko beste enpresa bat kontratatu beharrean zerbitzua Euskara Patronatuak emango duela. "Orduan, inork ez zuen ezer esan eta guretzako ontzat emanda gelditu zen", gaineratu du Mendizabalek. EAko Manuel Unanuek proposamena egin edota eztabaidatu eta erabakia hartu kontu desberdinak direla erantzun zion Mendizabali, "Euskararen Mahaian esandakoak automatikoki erabakiak al dira bada?", galdetuz. Proposamenaz eta zein pauso emateko asmoa dagoen jakin gabe erabakirik ezin dela hartu erantzun diote ezker abertzalekoek. Gainera, salatu zuten joan den udazkenean aurten egiteko asmoen berri eman zutela enpresaz enpresa eta orain aldaketak egin dituztela egitasmoaren baitan.

2006ko irailean Euskara Patronatuak Elegune sortu zuen, enpresei hizkuntzen kudeaketan lagunentzako gune teknikoa. Orduan, lankidetza hitzarmena egin zuten Emun kooperatibarekin, eta hitzarmen horren bidez Emunek azpiegitura teknikoa jarriko zuen. Orain, zerbitzu teknikoa Euskara Patronatuak eskainiko du.

Udalbatzak onartutako beste erabakiak

Osteguneko udalbatzarrean Ibai-Eder ibaiaren ertzetik, Landetatik Urrestillara bitartean, saneamenduko lanak egiteko proiektua eta lursailak bereganatzeko beharrezkoa den desjabetza prozesua hastea onartu zuen Udalbatzak, aho batez. Julian Eizmendi alkateak dioenez, aspaldiko egitasmoa da eta 5 milioi euroko aurrekontua du. Dena dela, guztia Eusko Jaurlaritzako Uraren Agentziak ordainduko du. Lanak egiteko hamabost hilabete inguru beharko dituzte. Lurrak desjabetzeko prozesua Udalak egingo du.

Bestetik, Lepasoroko komunikazio zentroaren erabilera eta instalazioak Itelazpi erakundearen gain uztea erabaki dute aho batez, udalbatzarrean. Lehen Retevision-ek zuen Lepasororen ardura eta enpresaz aldatzea erabaki du Udalak, hitzarmen baten bidez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide