Erabateko nagusitasuna erakutsi zuten Iñaki Alberdi eta Jorge Del Cid gidari azpeitiarrek larunbat arratsaldean jokatu zen Azkoitiko VI. Rallysprintean. Haiek gidatutako Porsche 911 GT3a izan zen autorik azkarrena Azkarateko bide zaharreko zirkuituan.
Lagun Artea eta Urraki automobil taldeek antolatutako lasterketak ikusle asko bildu zuen Azkarateko 8,3 kilometroko ibilbide osoan zehar. Parte hartu zuten 85 autoetatik 15 lasterketatik kanpo geratu ziren eta, horrenbestez, 70 talde sailkatu ziren rallysprintaren bukaeran.
Lasterketatik kanpo geratu zen horietako bat faboritoen artean zegoen Ramon Apalantza errezildarra izan zen. Iazko txapeldunak lasterketako lehen txandan bertan behera utzi zuen partehartzea.
Zapirain eta Labaka, gertutik
Alberdi eta Del Cid txapeldunek Joseba Zapirain eta Estibaliz Armendariz izan zituzten atzetik probako hiru txandetan. Horien Peugeot 206 WRC autoa 10,4 segundo atzetik geratu zen.
Azpeitiko beste talde bat sailkatu zen hirugarren postuan: Joxe Labaka eta Aitor Otaegi bikotearen Mitsubishi EVO V-a, hain zuzen.
Larunbateko lasterketaren ondoren, Gipuzkoako Rallysprinten Txapelketaren lehen postuetan sailkatu dira lehen hirurak.
Junior Txapelketako lehia
Junior Txapelketarako lehian aritu ziren gidariei dagokionez, Eneko Zelaietak eta Xabat Urrestik (Citröen Saxo VTS) lortu zuten lehen postuan sailkatzea, Joseba Castro eta Xabier Amezaga (Citröen Saxo VTS) atzean utzita.
Sailkapena
1. Alberdi-Del Cid (Porsche): 14:29;60.
2. Zapirain-Armendariz
(Peugeot): 00:10;400era.
3. Labaka-Otaegi
(Mitsubishi): 00:52;00era.
4. Tarsicio-Peña (Ford): 01:26;00ra.
5. Uzkudun-Iturrioz
(Renault): 01:29;00ra.
6. Eizmendi-Olasagasti
(Subaru): 01:31;00ra.
7. Olabegogeaskoetxea-Narbaiza (BMW): 01:34;00ra.
8. Alustiza-Muriedas
(BMW): 01:38;00ra.
9. Erdoiza Lebeiti-Ircio
(Renault): 01:43;00ra.
10. Evangelista-Alvarez
(Ford): 01:45;00era.