Oier Etxeberria Ministro azpeitiarrak 2009ko Ertibil-Arte Gaztea erakusketako hirugarren saria lortu du. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimena da Ertibil, lurralde hartako eta bertan bizi diren -Etxeberria kasu- artista gazteen lana sustatu eta zabaltzeko.
Arte plastikoak eta ikus-entzunezkoek osatzen dute Ertibil erakusketa. Epaimahai batek ekimenera aurkeztutakoen artean hogeiren bat lan aukeratzen ditu urtero, eta horiek osatzen dute ondoren erakusketa. 2009ko edizio honetan, Oier Etxeberrriak lau pieza aurkeztu zituen eta horietako bi, 12. eta 13. ezabaketa, aukeratu eta saritu dituzte epaimahaikideek.
Artista azpeitiarrak saria "umildadearekin" hartu duela esan du. Saritu dizkiotenak "proiektu zabalgo bateko bi pieza" direla ere azaldu du.
Erakusketa ibiltaria da Ertibil eta aurtengoa gaur bertan, asteartea, ireki dute Bilboko Rekalde aretoan. Ekainaren 14a arte egongo da areto hartan; ondoren, Bizkaian herriz herri ibiliko dute erakusketa.