Urrestilla uholdeetatik babesteko eta hango saneamendua berritzeko lanak egingo ditu Eusko Jaurlaritzako Ura Agentziak. Lan horiek eginda, uholdeak izateko arriskuari aurrea hartuko zaio eta, gainera, Urrestillako ur zikinak garraiatzeko hodiak jarriko dituzte, gaur egun zuzenean Ibaieder errekara botatzen baitira.
Hodien bitartez, Landetara ekarriko dituzte Urrestillako ur zikinak. Izan ere, gaur egun Landetara arte daude ekarrita horretarako beharrezko azpiegiturak. Izan ere, Landetan industrialde berria egin zutenean azpiegitura berriak egin zituzten, baita ur zikinak jasotzeko hoditeria ere. Ibaieder errekaren ezkerraldetik joango dira ur zikinen hodiak.
Hala ere, Urrestillan ia herri barru osoan ur zikinen eta ur garbien hoditeriak bereiztuta daude eta, alde horretatik, lan gutxiago izango dute egiteko. "Azpeitiko zenbait gunerekin alderatuta, Urrestilla ondo dago alde horretatik, ur garbiak eta zikinak bereizteko hodiak badituelako. Sanjuandegin, esaterako, ur zikinak eta garbiak bereizi gabe zeuden eta Urbitarten lanak egin direnean horri ere heldu behar izan diote", dio Azpeitiko Udaleko Hirigintza Saileko teknikari Jose Mari Arregik. Urrestillan, ur zikinak eta garbiak bereizteko lanak 5-6 gunetan egin beharko dituzte, "toki horietan ur guztiak batera biltzen direlako".
Proiektu handia da. Bost milioi euroko aurrekontua du eta den-dena Eusko Jaurlaritzako Ura Agentziak ordainduko du. 2,2 kilometroan egingo dituzte lanak, Landetatik hasi eta Urrestillako Errota-raino. Lan guztiak egiteko hamabost hilabete inguru beharko dituzte. Azpeitiko Udaleko Hirigintzako arduradunek espero dute urtearen bukaera alderako lanak egiteko baimena emango duela Eusko Jaurlaritzak eta datorren urtearen hasieran hasiko direla lanean.
Ibaiaren zabalera hirukoiztu
Urrestilla parean Ibaieder erreka zabaldu ere egingo dute: hiru aldiz zabalagoa izango da gero. Ezkerraldean, metro erdi bateko horma egingo diote, espaloi antzeko batekin, "ibaiaiaren mantenu lanak egiteko-eta erabiliko da. Eskuinaldean, berriz, horma bat egingo dute eta etxeen kontra ez da espaloirik geldituko. Hormatik hormara ibaiak 22 metro inguruko zabalera izango du Urrestilla herriaren parean".
Ibaia zabaldu bakarrik ez, zubi berri bat eta oinezkoentzako bi pasabide ere egingo dituzte. Zubi berria Errota parean egingo dute. Oinezkoentzako pasabideetako bat, berriz, saihesbidearen zubiari egingo diote eta bidegorri bezala erabiltzeko ere balioko du. Beste pasabidea, Urrestillako zubiaren parean egingo dute, hau da, haur parkea dagoen lekuan. Izan ere, "etxebizitzak egiteko asmoa dago beste aldean eta pasabide horrek etxe horietara pasatzeko aukera emango du".
Gaur egungo pasabide bat, ordea, bota egingo dute: Eperko zubia. Olatxo-ko presa ere bota egingo dute, "ibaiari altuera emateko, uholde arriskurik ez izateko".
Lurjabeekin bilera udaletxean
Aspaldiko egitasmoa da, baina dagoeneko lanak egiteko erabakia hartu dute. Hil honetako ohiko udalbatzarrean aho batez erabaki dute lan horiek egitea, eta lurrak desjabetzeko prozesua Azpeitiko Udalak egingo du. Hala, lanak egingo diren lurretako jabeekin bilera egingo du bihar Udalak, 13:00etan, udaletxean. Batzar horretan lanen nondik norakoak azalduko ditu Udalak.
Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundia Nuarbe eta Matxinbentako saneamenduak nola egin aztertzen ari da. Egitasmo hoiek eginez gero, Urrestillako Errota-ko hoditeriarekin lotuko lituzkete.
Datuak
5 milioi euro. Urrestillako saneamenduko eta Ibaieder ibaia zabaltzeko lanek bost milioi euroko aurrekontua izango dute. Guzti-guztia Eusko Jaurlaritzako Urak Agentziak ordainduko du.
15 hilabete. Denbora hori beharko dute lan guztiak bukatzeko.
2010ean hasi. Lanak datorren urtean hasiko dituztela espero du Azpeitiko Udalak.
Lanak
2,2 kilometroan lanean. Urrestillako ur zikinak Landeta arte eramango dituzte hodi bidez,s Ibaieder ibaiaren ezkerraldetik.
22 metro zabal. Urrestillan Ibaieder ibaiaren zabalera hirukoiztu egingo dute.
Zubi bat eta bi pasabide berri. Oinezkoentzako bi pasabide berri eta zubi berri bat eraikiko dituzte.