Argazki erraldoia aterako dute larunbatean, errepresaliatuei elkartasuna adierazi asmoz

Uztarria.eus 2009ko maiatzaren 13a

Erdikaleko lokaleko eskaparatetik Azpeitiko errepresaliatuen argazki guztiak kendu izana salatu du AAMk

Elkartasunez presoak herrira lelopean Elkartasun Eguna izango da hilaren 23an

Azpeitiko errepresaliatuen argazki guztiak kendu dituzte azken egunotan Erdikaleko lokaleko eskaparatetik. Ekintza hori salatu eta errepresaliatuei elkartasuna adierazi asmoz, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) herritar guztiak deitu ditu zapatu honetan, eguerdiko 12:00etan, plazan aterako duten Elkartasun argazki erraldoira. Azpeitian ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat herritan ere kendu dituzte errepresaliatuen argazkiak.

Pasa den astean, Azpeitiko errepresaliatuen argazkiak dauden Erdikaleko lokaleko eskaparateari argazkiak ateratzen jardun zen Ertzaintza. AAMren esanetan, "hurrengo egunerako, gure senide eta lagun errepresaliatuak berehala ezkutatuak izan ziren Julian Eizmendi alkatearen aginduz". Horrez gain, "errepresaliatuekiko duten elkartasuna behin betiko itzaldu eta ezabatzea" nahi dutela salatu dute eta, bide horretan, "tamalez bidea errazten duenik dago". Preso politikoen kontrako eraso horren aurrean eta hil honen 23an izango den Elkartasun Eguna indartzeko, Elkartasun argazki erraldoia aterako dute larunbatean.

Elkartasun Eguna, hilaren 23an

Elkartasunez presoak herrira lelopean Elkartasun Eguna izango da hilaren 23an. Egun guztirako hainbat ekintza antolatu ditu Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Egitaraua

10:30. Herri krosa.

12:15. Herri kirolak.

13:30. Manifestazioa, Elkartasunez presoak herrira.

14:30. Herri bazkaria.

17:00. Pailazo jaialdia Olazko Amaren plazan.

17:00. Sokamuturra.

22:30. kontzertuak:

  • Never Surrender.
  • Friday’s crew.
  • Kop.

Egun guztian zehar ttuntturroak, kalejira alaia eta txozna izango dira.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Seyssen (Frantzia) preso. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide