Laugarrengo urtez, Emakumeen Futbito Txapelketa antolatu dute herrian. Emakumeen kirola sustatu eta bide batez futbola bultzatzeko helburuarekin, ekainaren 20an ekingo diote emakumeek partidei eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago. Txapelketan parte hartu nahi duten taldeek maiatzaren bukaerako eman behar dute izena:
- Azpeitian: Orkatz, Txarrantxa, Zuhatz edo Intz-en.
- Azkoitian: Zurt, Ttakun edo Xakela-n.
- Zestoan: Koiote edo Uztapide-n.
- Zumaian: Inpernupe edo Metro-n.
- Zarautzen: Jantziber edo Arrano-n.
Antolatzaileen arabera, izena ematerakoan talde bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu. Talde bakoitza gutxienez 7 kidez osatuta egon behar da.
Garmendipeko belar artifizialeko zelaian jokatuko dituzte partidak, ekainaren 20an eta 27an eta uztailaren 4an. Lehen eta azken jardunaldian 09:00etatik 14etara jokatuko dituzte norgehiagokak; ekainaren 27koa, berriz, arratsaldez jokatuko dute.
Txapelketak bi maila desberdin edukiko ditu eta talde bakoitzak erabaki beharko du zein mailatan jokatu nahi duen: maila altua eta irabazteko asmoa duten taldeek multzo bat osatuko dute eta futbolean ez dakitenek, berriz, beste maila batean jokatuko dute.