Xabier Etxeberria Txapi azpeitiar presoak bihar, osteguna, deklaratu beharko du Espainiako Entzutegi Nazionaleko epailearen aurrean; 12:00etan jarri diote hitzordua. Etxeberria, gaur arte behintzat, Frantziako Seysseko kartzelan dute preso, euroaginduaren bitartez Espainiaratzeko agindua onartuta eta Espainiaratzeko zain.
Gaur arratsaldean, presoaren senideek ez zekiten gaur bertan edo bihar goizean Espainiaratuko duten. Bihar epailearen aurretik pasatu behar dutenaren berri ere gaur goizeko 11:00k inguruan jakin dute gurasoek. "Abokatuak deitu digu Madrilen epailearen aurretik bihar pasatu behar duela esanez, baina gehiago ezer ez dakigu. Epailearen aurretik pasatu ondoren Xabierrek dei bat egiteko aukera izango duela azaldu digu abokatuak, eta ea orduan nolako berriak ditugun", azaldu dute Etxeberriaren etxekoek.
Etxeberria duela sei urte atxilotu zuen Frantziako Poliziak, ETArekin lotura zuelakoan. Martxoaren 31n bukatu zuen Frantziako Justiziak ezarritako zigorra. Martxoaren bukaeran Xabier Etxeberriaren egoeraren aurrean kezka agertu zuen Azpeitiko Udalak, ezohiko udalbatzarrean.
Espainiara kanporatua izateko arriskuaren aurrean, ia hilabetez gose greban egon zen Xabier Etxeberria, Mureteko kartzelan (Frantzia). Frantziako Justiziak ezarritako zigorra betetzen zuen egunean bertan jakinarazi zioten Espainiako Auzitegi Nazionalak euroagindu bidez Espainiaratzea eskatu zuela eta gose greba utzi egin zuen. Orduan, espetxez aldatu egin zuten, Muretetik Seysseko kartzelara. Orainarte han eduki dute preso behin-behineko espetxealdian.
Frantziako epailearen aurretik pasatzeko hitzordua ere behin eta berriz atzeratu egin diote Etxeberriari, haren abizenarekin izandako akantsengatik, hain zuzen ere: aurrena, apirilaren 10ean pasatu behar zuen Frantziako epailearen aurretik. Gero, bigarren hitzordua apirilaren 23an jarri zioten, eta azkenean, hirugarrena, apirilaren 28an. Orduan, Frantziako epaileak onartu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Xabier Etxeberria Espainiaratzeko egindako eskaera, eta bihar Madrilen Espainiako Entzutegi Naziolako epailearen aurrean deklaratu beharko du.
Azkeneko albistea (hilak 14, 17:35): Eguerdian epailearen aurretik pasatu ondoren, kartzeleratu egin dute Etxeberria. Xabier Etxeberria Txapi gaur Espainiaratu dute Frantziako Muret Seysseko kartzelatik. Eguerdian Espainiako Entzutegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ostean kartzeleratu egin dute, fiskalak "ihes egiteko arriskua" dagoela esan eta gero. Presoaren gurasoek gaur arratsaldeko lauretan oraindik ez zekiten zein kartzeletan sartu duten, "guk abokatuarekin hitz egin dugu eta berak esan digu ziurrenik Madrilen Soto-ko espetxean sartuko dutela. Baina oraindik ez dakigu nora eramango duten. Behin kartzelara sartutakoan dei bat egiteko aukera du, eta dei horren zain gaude".
Xabier Etxeberria Txapi-ren aldeko manifestazioa egingo dute gaur (osteguna), 19:00etan, plazatik irtenda.
Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria
Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Seyssen (Frantzia) preso. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.
Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)
Askatasunaren weba: www.askatu.org