Word Kafean krisiaz berriketan

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 14a, 13:05

WOKAren asteleheneko ekimena Enparan Dorretxean da.

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Ingurugiro Etxea Fundazioak WOKA ekimenaren baitan krisi ekonomikoaz eztabaida antolatu dute astelehenerako, 15:00etan, Enparan Dorretxean.

World Kafe metodologiak, era erraz batean ehunka pertsona eztabaidan jartzeko aukera ematen duela diote.

Word Kafe formatuarekin, Woka Euskadi antolatu dute maiatzaren 18rako Azpeitiko Enparan Dorretxean, 15:00etatik 17:30era. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta bere bazkide Ingurugiro Etxea Fundazioak elkarlanean antolatu dute Euskal Antonomia Erkidego mailako ekimena. Antolatzaileek diotenez, "gizarte-topaketa handia da, herritarrek hausnarketa egin eta parte hartzeko. Era horretan proposamenak egin eta ekintza zehatzak bilatzeko bideratua".

World Kafe metodologiak, era erraz batean ehunka pertsona eztabaidan jartzeko aukera ematen duela diote. Dagoeneko 125 erakundek baino gehiagok bertan parte hartuko dutela esan dute eta, Innobasqueren arabera, 5.000 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte prozesu honetan.

Herritarrei parte hartzeko deia

Urola Erdian Woka Euskadi ekimenak "krisia eta eraldaketa" izango ditu aztergai, datorren astelehenean. "Ezinbestekoa da hausnarketa kolektibo bat egitea krisitik ateratzeko eta etorkizun hobea denon artean diseinatzeko", diote antolatzaileek. Enparan Dorretxean izango den ekitaldian parte hartzen dutenek aukera izango dute bai eskualdean, bai Gipuzkoan, bai Euskal Autonomia Erkidegoan krisitik ateratzeko neurri adostu batzuei buruz hausnartu eta denen partaidetzaz adosteko.

Asteleheneko Enparan Dorretxeko Woka ekimenerako ehun gizarte eta ekonomia eragiletik gora gonbidatu ditu Ingurugiro Etxea Fundazioak. Baina, eragileez gain, herritarrak ere ekimenean parte hartzera animatu nahi dituzte. Horretarako interesa duten norbanakoek izena eman beharko dute bihar eguerdia baino lehen honako helbide elektronikoan edota telefono zenbakian: ingurugiroetxeafundazioa@azpeitia.net edota 943 151713.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide