Lagun Onak sailkatu da Bigarren B Mailarako igoera fasera

Uztarria.eus 2009ko mai. 16a, 21:05

0-2 irabazi du gaur (larunbata) arratsaldean Portugaleten; Altolagirrek eta Santestebanek sartu dituzte golak

Lider bukatu du bere multzoan; Amurrio, Portugalete eta Elgoibarrek ere lortu dute txartela

Astelehen arratsaldean izango da zozketa, Madrilen; Azpeitiko taldeak kanporaketa bat gainditzea nahikoa du igotzeko

Lagun Onak-ek Espainiako Bigarren B Mailara igotzeko fasea jokatuko du, gaur (larunbata) arratsaldean sailkapena lortu baitu. Berdinketa nahikoa zuen gaur Portugaleten (18:00etan hasi da partida), eta 0-2 irabazi du.

Gainera, Hirugarren Mailako euren multzoko liga erregularrean lider bukatu du Lagun Onakek. Amurrio, Portugalete eta Elgoibar dira igoera fasean izango diren multzoko beste hiru taldeak.

Astelehenean 16:30ean izango da igoera faseko zozketa, Madrilen. Lagun Onakek lehen tokian bukatu duenez, beste multzo bateko aurrenaren aurka jokatuko du eta, kanporaketa hori irabazten badu, zuzenean igoko da Bigarren B Mailara. Amurrio, Portugalete eta Elgoibarrek, aldiz, kanporaketa batzuk jokatu beharko dituzte.

Gaur Portugaleteko lehen zatian inork ez du gol aukera garbirik sortu. Etxeko taldeak dominatu du jokoa. Bigarren zatian ondo aritu da Lagun Onak. Alex Altolagirrek sartu du 0-1eko gola, 76. minutuan. Baloi bat sakonean sartu diote, bakarrik geratu da ezkerraldean eta ederki egin du gola. 0-2koa Santestebanek sartu du, 88.ean, kontraerasoan, erremate bateko baloi solte bat baliatuz.

"Hau talde txikien garaipena da", esan du Aitor Zulaika entrenatzaileak Euskadi Irratian partida bukatu bezain laster.

Gaurko emaitzak.
-Portugalete-Lagun Onak 0-2.
-Durango-Amurrio 0-1.
-Beasain-Leioa 7-2.
-Elgoibar-Zalla 1-0.

Sailkapena. (lehen laurak sailkatu dira)
-1. Lagun Onak. 73 puntu.
-2. Amurrio. 73 puntu.
-3. Portugalete. 70 puntu.
-4. Elgoibar. 70 puntu.
-5. Beasain. 70 puntu.

Sailkapena lortzeko herritarren babesa edukitzea oso garrantzitsua dela-eta, Portugaletera autobusa antolatu du Lagun Onakek. 16:15ean irten du Azpeititik, Betharram aurretik, eta jende asko joan da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide