Xabier Etxeberria epailearen aurretik pasatu eta kartzeleratu egin dute

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 15a, 11:05

Atzo (osteguna) arratsaldean Etxeberriaren Espainiaratzea salatu eta hura libre uzteko eskatuz elkarretaratzea egin zuten Azpeitian. (www.askatu.org)

Atzo (osteguna) goizean eraman zuten Frantziatik Espainiara, epailearen aurrean eguerdian zuen hitzordua

Presoaren gurasoek atzo arratsaldean oraindik ez zekiten zein kartzeletan sartu duten

Azkeneko albistea (hilak 15, 11:24): Soto del Realeko (Espainia) kartzelara eraman dute.

Xabier Etxeberria Txapi atzo (osteguna) Espainiaratu zuten Frantziako Muret Seysseko kartzelatik. Eguerdian Espainiako Entzutegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ostean kartzeleratu egin zuten, fiskalak "ihes egiteko arriskua" dagoela uste baitu. Presoaren gurasoek atzo arratsaldean oraindik ez zekiten zein kartzeletan sartu duten: "Guk abokatuarekin hitz egin dugu eta berak esan digu ziur asko Madrilen Soto del Real-go espetxean sartuko dutela. Baina oraindik ez dakigu nora eramango duten. Behin kartzelara sartutakoan dei bat egiteko aukera du, eta dei horren zain gaude".

Etxeberria duela sei urte atxilotu zuten Frantzian, ETArekin lotura zuelakoan. Frantziako Justiziak ezarritako zigorra martxoaren 31n bete zuen, baina orduan Espainiako Auzitegi Nazionalak Euroaginduaren bitartez Espainiaratzeko eskaera egin zuen. Aurretik, Espainiaratzeko arriskua salatuz ia hilabeteko gose greba egin zuen Etxeberriak. Atzo goizean bertan Espainiaratu zuten, epailearen aurretik pasatzeko.

Azkeneko albistea (hilak 15, 11:24): Soto del Realeko (Espainia) kartzelara eraman dute.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide