Iraurgi saskibaloi klubak Igoera Faseko sarrerak saltzen jarri ditu

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 15a, 11:05

Hilaren 22an, 23an eta 24an jokatuko dute LEB Brontzerako Igoera Fasea, Azpeitiko kiroldegian

Hiru egun horietan 1.100 lagunentzako tokia izango da Kiroldegian

Iraurgi Saskibaloi Elkartea, EBA Ligako denboraldia bukatu ostean, Igoera Fasea prestatzen ari da. Izan ere, hilaren 22an, 23an eta 24an LEB Brontzerako Igoera Fasea Azpeitiko kiroldegian jokatuko du multzoetako batek. Aurrez sarrera erosteko aukera jarri dute: Azpeitian Iraurgi Saskibaloia tabernan, Azkoitian Zurt tabernan eta Donostian Gipuzkoa Basket-en bulegoan.

Lan Mobel Iraurgi, Guadix (Andaluzia, Espainia), Vila Joyosa eta Santfeliuena (Valentzia eta Katalunia, Herrialde Katalanak) dira Azpeitian jokatuko duten saskibaloi taldeak.

Iraurgiko lehen taldeak denboraldia sailkapeneko aurreneko postuan bukatu du eta, horregatik, igoera fasea herrian bertan antolatzeko eta jokatzeko aukera du.

Tokia, 1.100 lagunentzat

Egun bakoitzeko bi partidak ikusteko sarrera 10 euro kostatuko da. Baina hiru egunetako partidak ikusteko txartelak ere jarriko dituzte saltzen Iraurgikoek, 20 eurotan.

Gaur egun Kiroldegian 800 lagun sartzen dira, baina Iraurgikoek beste 300 lagunentzako aulkiak jarriko dituzte saskien atzean. Era horretan, 1.100 lagun sartzeko tokia izango da Kiroldegian.

Ordutegia

Partida guztiak Azpeitiko kiroldegian jokatuko dituzte. Lan Mobel ISBk egun guztietan bigarren partida jokatuko du.

Maiatzak 22, ostirala. 18:00etan aurreneko partida eta 20:30ean bigarrena.

Maiatzak 23, larunbata. 17:00etan da aurreneko partida eta 19:30ean bigarrena.

Maiatzak 24, igandea. 10:00etan bata eta 12:30ean bestea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide