Foru Aldundiak bost langaberentzako lanpostuak sortuko ditu Azpeitian

uztarria.com eta berria.info 2009ko mai. 15a, 18:05

Horretarako 45.000 euro bideratuko ditu

Herrialdean 333 lanpostu sortzeko plana aurkeztu du

Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak lanpostuak sustatzeko plana onartuko du asteartean eta, haren arabera, modu horretara 333 langaberi lana bermatuko die sei hilabetez. Mila biztanle baino gehiagoko Gipuzkoako 55 herrietako enpresatan izango dute lana. Tartean, beraz, Azpeitian. Herri bakoitzeko langabe kopuruaren arabera sortu beharko dituzte lanpostuok, proportzioan. Azpeitian, Aldundiko txostenak dioenez, otsailaren bukaeran 592 pertsona zeuden lanik gabe eta bost lanpostu sortuko ditu.

Plana martxan jartzeko hiru milioi euro jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azpeitirako 45.000 euro erabiliko ditu.

Herrialdean, otsailaren bukaerako datuaren arabera, 34.138 lagun zeuden lanik gabe.

Neurria "krisiaren ondorioak leuntzera" bideratua dagoela esan dute gaur (ostirala) Donostian, egitasmoaren aurkezpenean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jokin Bildarratz Eudel Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen elkarteko presidenteak.

Olanok adierazi duenez, udal bakoitzak uste badu lanpostu bakoitzak ordainsari handiagoa edo sei hilabate baino gehiagoko kontratua merezi duela, udal hori egingo da kopuru gehigarriaren kargu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide