Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute igandean Trenaren Euskal Museoan

Uztarria.eus 2009ko mai. 15a, 21:05

`Creusot/Naval 1158' lokomotora, Lasaoko geltokian

10:30etik 14:00etara, Lasaora hiru joan-etorri egiteko aukera izango da, besteak beste

Gaur aurkeztu dute museoan zaharberritu duten azken unitatea, Creusot/Naval 1158 lokomotora; jendearentzat igandean jarriko dute martxan lehen aldiz

Igandean, maiatzak 17, Museoen Nazioarteko Eguna izango da eta, urtero egin ohi duen bezala, Azpeitiko Trenaren Euskal Museoak egitarau berezia prestatu du egun horretarako.

Goizeko 10:30ean hasi eta 14:00ak arte, museora hurbiltzen direnek Azpeitia-Lasao-Azpeitia ibilbidea osatzeko hiru aukera izango dituzte. Gainera, museoan bertan, 1920ko Grafton lurrun garabia, Zaragozako eta Bilboko tranbiak (1952 eta 1932koak, hurrenez hurren), eta Berliet diesel traktorea (1924koa) martxan jarriko dituzte.

Lasaorako joan-etorriei dagokienez, lehen trena (Allan lokomotora) 11:00etan abiatuko da museotik; bigarrena (1.004 Alsthom-a) 12:00etan; eta hirugarrena (Creusot-a), 13:00etan). Hiruak lokomotora dieselak dira.

Zaharberritze konplexuena

Azkena, Creusot/Naval 1158 lokomotora, gaur bertan aurkeztu dute, gainera, komunikabideen aurrean, museoan bertan egin dituzten zaharberritze lanak amaituta. 1955ean egin zuten, Sestaoko La Naval lantegian. Hasiera batean, jada desagerturik dagoen PeƱarroya eta Puertollano arteko trenbidean erabili zuten Creusot-a. Ondoren Zornotza-Bermeo eta Santander-Bilbo lineatan zirkulatu zuen; eta, azkenik, Valentziako trenbideetan, 1987a arte.

1990eko udan ekarri zuten Azpeitira eta 1993an kanpotik txukundu zuten, jende aurrean erakutsi ahal izateko. Ondoren etorri da, Coinsa enpresaren eskutik, Creusot/Naval 1158-aren erabateko zaharberritzearen prozesua. Museoko arduradunek esan dutenez, "goitik behera berreraiki behar izan" dute eta "orain arte museoak burutu duen berriztapen lanik konplexuena" izan da.

Creusot lokomotorak izan ziren trenbide estuetatik merkantziak garraiatzeko eta bidaiarien trenak eramateko prestatutako lehenbiziko diesel lokomotorak. Creusot/Naval 1158 lokomotora da hogei unitateko serietik bizirik irauten duen bakarra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide