Euskal preso politikoei elkartasuna adierazi die AAMk

Uztarria.eus 2009ko mai. 18a, 12:05

Frontoi Txikin egin zuten agerraldia.

Larunbatean errepresaliatuei elkartasuna adierazi asmoz, argazki erraldoia atera behar zuten plazan; ertzaintzak ekitaldia galarazi egin zuen eta Frontoi Txikin egin zuten agerraldia

Datorren larunbatean egingo duten Elkartasun Eguna aurkeztu zuten

Errepresaliatuei elkartasuna adierazteko asmoz, argazki erraldoia ateratzeko deialdia deitu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak joan den larunbaterako, 12:00etan, plazan. Joan den astean Azpeitiko errepresaliatuen argazki guztiak Erdikaleko lokaleko eskaparatetik kendu izana salatu nahi zuten, baina Ertzaintzak ekitaldia galarazi egin zuen, eta azkenean Frontoi Txikin egin behar izan zuten ekitaldia.

"Azken asteotan euskal preso politikoen argazkien aurkako sorgin ehiza abiatu dute polizia eta epaileek", adierazi zuten agerraldian. "Une honetan 744 euskal preso politiko daude espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuak. Azpeitian ere sartu dute atzaparra kaletik argazkiak kenduaz. Guzti honen atzean euskal preso politikoekiko Elkartasuna zigortu nahi dute". AAMko kideentzat, "presoak zigortzeaz gain presoekiko elkartasuna delitu bilakatu nahi dute orain".

Euskal preso politikoak "eskubiderik gabeko subjetuak" direla eta Azpeitiko preso politikoak ere "espetxe politika hiltzailearen jo puntuan" daudela uste dute AAMtik.

Agerraldian maiatzaren 23an egingo den Elkartasun Eguna ere aurkeztu zuten. Ekitaldiz betetako eguna antolatu dute, "elkartasun olatua indartzeko" helburuarekin. "Urtean zehar, egunez egun adierazten diegu Azpeitiko preso eta iheslari politikoei merezi eta beharrezko duten elkartasun eta babesa. Eta elkartasun egunak, elkartasuna adierazten duten herritar guzti horiek denak egun bakar batean biltzen ditugu". AAMrentzat, "presoekiko elkartasuna herritarra da, zabala" eta "euskal preso politikoekiko urtez urte herri honetan osatu den elkartasun olatu izugarria" ez duela "espainiar legediak baldintzatuko" adierazi zuten.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide