Azpeitiko ezker abertzaleak grebarekin bat egin du

Uztarria.eus 2009ko mai. 18a, 13:05

Larunbatean eman zuen prentsaurrekoa Azpeitiko Ezker abertzaleak.

"Greba, krisiari, krisiaren erantzuleei eta krisiaren ondorioen aurrean hartzen ari diren neurriei Euskal Herriak emango dion erantzuna" izango dela diote

Ezker abertzalearentzat, azken hamarkadetako eredu ekonomiko eta sozialaren ondorioa da egungo egoera

Azpeitiko Ezker abertzaleak maiatzaren 21erako sindikatuek deitu duten grebarekin bat egin eta euskal langileria kalera irteteko dei egin du. Larunbatean Sindikatu Zaharrean eman zuten prentsaurrekoan adierazi zutenez, "greba, krisiari, krisiaren erantzuleei eta krisiaren ondorioen aurrean hartzen ari diren neurriei Euskal Herriak emango dion erantzuna izango da", adierazi dute.

Ezker abertzalearentzat, azken hamarkadetako eredu ekonomiko eta sozialaren ondorioa da gaur egungo krisi egoera. "Enpresa eta banketxeek etekin ikaragarriak iragartzen zituzten bitartean, prekarietatea zabaldu egin da, lan istripuak kroniko bihurtu dira, etxebizitza eskubidea urratu da, emakumeen kontrako diskriminazioa indartu da... Eta orain, enpresarien irabaziak horren handiak ez direnean, irabazi tasa horiek mantendu nahi dituzte langileon kontura, baina langileok eta jendarteko sektore zabalak aspalditik gaude krisian".

Egoera horren aurrean, "erantzutea ezinbestekoa" dela uste dute, "gehiengo sozialaren mesedetan eraikitako eredu ekonomiko eta soziala", ala "pribilegiatuen mesedetan desegituratutako Euskal Herria" dagoelako jokoan. Horretarako, "Euskal Herrian erabakitzea aldarrikatzen dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide