Gimnastica Torrelavegaren kontra jokatuko du Lagun Onakek igoera faseko lehen kanporaketa

Uztarria.eus 2009ko mai. 18a, 19:05

Joaneko neurketa datorren asteburuan jokatuko dute, han; itzulerakoa Garmendipen, hileko azken aste bukaeran

Kanporaketa gainditzen duena zuzenean igoko da Bigarren B Mailara; galtzaileak beste aukera bat izango du

Gaurko (astelehena) zozketak erabaki duenez, Torrelavegako (Kantabria, Espainia) Gimnastica taldea izango da Lagun Onaken arerioa Espainiako Bigarren B Mailarako igoera fasearen kanporaketan. Joaneko neurketa kanpoan jokatzea tokatu zaie azpeitiarrei; datorren asteburuan jokatuko dute (oraindik ez dakite larunbatean edo igandean izango den). Itzulerako neurketa, Garmendipen, maiatzeko azkeneko aste bukaeran izango dute (hilaren 30ean edo 31n).

Kanporaketa honetan Espainiako Hirugarren Mailako 3. eta 4. multzoetako txapeldunak ariko dira aurrez aurre: Gimnastica eta Lagun Onak. Espainiako Futbol Federazioak atera duen araudi berria aplikatuz, multzo guztietako (18 dira) txapeldunek beste txapeldun bat izango dute aurkari kanporakera honetan. Txapeldunen arteko lehian irabazleek zuzenean lortuko dute 2009-2010 denboraldian Bigarren B Mailan jokatzeko txartela. Galtzaileak ez dira, ordea, aukerarik gabe geratuko; beste kanporaketa bat jokatzeko aukera izango dute, gutxienez. Igotzeko, bi kanporaketa gainditu beharko dira.

Lagun Onakek ez bezala, Gimnastica Torrelavegak badaki zer den Bigarren B Mailan jokatzea. Amaitu berri den fase erregularrean ez dute zailtasun handirik izan 3. Multzoko lidergoa eskuratzeko, partida bakarra galdu baitute. Lagun Onakek, berriz, larunbatean Portugaleten lortu zituen, biak batean, Hirugarren Mailako lidergoa eta igoera faserako sailkapena, historian lehen aldiz.

Gaur harrera egingo dio Udalak, saskibaloiko Lan Mobel Iraurgirekin eta areto futboleko taldearekin batera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide