"Ilusioz beteta" jokatuko du Iraurgik igoera fasea

Uztarria.eus 2009ko mai. 22a, 10:05

Atzo (asteartea) Illunben, Bruesa eta Lan Mobel Iraurgikoak. (Nerea Uranga)

Jon Txakartegirentzat, "igoera lortzea oso pozgarria izango litzateke, baina ez da helburu nagusia"

Igoera faserako ACB Ligan dabilen Bruesa-Gipuzkoak babesa eman dio Lan Mobel Iraurgi taldeari

Aurkarien informazioa albiste honetan

Iraurgi Saskibaloi Elkarteak Espainiako EBA Ligatik LEB Brontzerako Igoera Fasea jokatuko du datozen 3 hiru egunetan, gaurtik hasita, Azpeitiko kiroldegian.

Joan den asteartean aurkeztu zuten Ipar Fasea Donostian. Prentsaurrekoan izan ziren Iñaki Uria Iraurgi Saskibaloi Elkarteko lehendakaria, Jon Txakartegi entrenatzailea eta Edgar San Epifanio, Eñaut Aranbarri eta Joseba Ibargutxi jokalariak. Iraurgikoekin batera, Pablo Laso Bruesako entrenatzailea eta German Cea Bruesako zuzendari orokorra izan dira.

Ipar Fasean Lan Mobel ISB, Santfeliuenc Eninter, Vila Joiosa eta Grupo Salmeron Guadix taldeek hartuko dute parte. Guztira sei partida izango dira. Txakartegiren arabera, "zaila da esatea zein den faboritoa, elkarren aurka jokatu ez dugun lau talde garelako".

Ipar Fasea ilusio handiz antolatu dutela azaldu zuen Uriak: "Ilusio handia jarri dugu. Aurtengo denboraldia oso ona izan da, eta garrantzitsuena lortu dugu. Orain, gozatzeko momentua da". Iritzi berekoa da Txakartegi: "Igoera lortzea oso pozgarria izango litzateke, baina ez da helburu nagusia. Orain garrantzitsuena zaleak taldearekin pozik geratzea da eta jokalariak momentua aprobetxatzea eta gozatzea. Lehiakorrak izango gara eta ilusioz beteta jokatuko dugu".

Zaletuen babesa eskertu dute

Iraurgikoek denboraldi osoan zaletuengandik jasotako babesa azpimarratu dute. "Denboraldi oso-osoan hortxe egon dira zaletuak taldea animatzen". Uriak azaldu duenez, etxean jokatu duten bakoitzean 500-600 lagun bildu dira kiroldegiko harmailetan. "Igoera fasean gure nahia ere hori da, zaletuek gozatzea eta ondo pasatzea, orain arte bezalaxe". Igoera faserako, kiroldegian 1.200 lagunentzako tokia prestatu dute Iraurgikoek.

Partiden ordutegia

Partidak Azpeitiko kiroldegian jokatuko dituzte.

Maiatzak 22, ostirala

18:00. Vila Joiosa-Grupo Salmerón Guadix.

20:00. Lan Mobel ISB-CB Santfeliuenc Eninter.

Maiatzak 23, larunbata

17:00. CB Santfeliuenc Eninter- Vila Joiosa.

19:30. Grupo Salmerón Guadix-Lan Mobel ISB.

Maiatzak 24, igandea

10:00. Grupo Salmerón Guadix-CB Santfeliuenc Eninter.

12:30. Lan Mobel ISB- Vila Joiosa.

Aurreneko talde sailkatua igoko da LEB Brontzera.

Aurkarien informazio gehiago

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide